Artea eta idazketa izan dira Maritxu Amenabarroren (Anoeta, 1999) ihes eta espresio bideak. Ez nago bakarrik liburua aurkeztu zuen pasa den otsailean, harrera familien topaketan. Liburuak, familia biologikoarekin izandako bisitetan du oinarria, eta sentimenduak ordenatu eta ulertzeko tresna gisa balio dezake; harrera haurrei zuzendua egon arren, haur ororentzat izan daiteke lagungarria.
Nola deskribatuko zenuke harrera familia bat?
Harrera familia bat, babes mota bat dela esango nuke. Haur edota gazte baten etxeko egoera desegokia denean, haurra edo gaztea, familia biologikotik ateratzen dute, zentro edota harrera familia baten eskura jartzeko. Harrera familia batean, zentro batean lortzen ez den egonkortasuna eskuratzeko aukera handiagoa dago. Harrera familiek, orokorrean, familietan eman behar dena eskaintzen dute: babesa, maitasuna… Gainera, harrera familietan, adopzio kasuetan ez bezala, haurrek, familia biologikoarekin harremanetan jarraitzeko eskubidea dute, harremana mantentzen da. Familia biologikoa, norberaren nortasunaren parte delako, funtsean.
Zer ematen dio harrera familia batek haur bati?
Nire ustez, harrera familia batean garrantzitsuena, harrera haurrek jasotzen duten egonkortasuna eta oreka dira. Ni, arrazoi askoren ondorioz, nire familia biologikotik atera, eta Donostiako zentro batera eraman ninduten, nire ahizparekin batera. Bertan, ondo nengoen, ondo zaintzen ninduten, hezitzaileak jatorrak ziren, eta ez nuen inongo arazorik izan beraiekin. Baina, ume gehiagorekin batera bizi nintzen, ia egunero hezitzaile ezberdinak nituen. Batek, eskolara eramaten ninduen, beste batek, bertatik jaso. Batek, bazkaria eman, eta beste batek, afaria. Egun batetik bestera, nire hezitzaile gogokoenak, konexio handiena sortzen zidanak, lanetik alde egin, eta ezagutzen ez nuen berri bat etortzen zen haren ordez. Honek guztiak, azkenean, ez du haurraren orekan eta garapenean laguntzen. Haur batek nahi eta behar duena, aitatxo edo amatxo moduko bat da, egunero berdina, eta hori da finean, harrera familiek ematen dizutena, aita edo amarengandik jaso behar den babes eta erreferentzia hori.
Gizartean zein ekarpen egiten du harrera familia batek?
Izugarria. Jendea beti animatzen dut harrera familia izatera. Zentroetako haurrak gogo handiz daude besoetan hartuko dituzten familien esperoan. Egun, Gipuzkoan, 497 haur daude zentroetan, eta horietatik 72 ateratzeko prest, familia berri baten zain. Nire kasuan, bi urte soilik egon nintzen zentroan, baina, badago jendea 8 urterekin sartu eta 18 urte bete arte bertan bizi dena. Gainera, 18 urterekin bertatik atera behar duzu, ez daukazu nora itzuli, ez daukazu erreferenterik, bizitzari buruzko mila zalantza eta beldur dituzu, eta ez daukazu nori galdetu, ezta norekin partekatu. Ondorioz, harrera zentroetatik 18 urterekin ateratzen direnak, nahiko egoera txarrean ateratzen dira, egoera horiek direla-eta existitzen dira gizartean, harrera zentro eta familiei buruzko konnotazio txarrak.
«Egun, Gipuzkoan, 497 haur daude zentroetan, eta horietatik 72 ateratzeko prest, familia berri baten zain»
Zer egin behar da harrera familia izateko? Zein da prozedura?
Beroa Gipuzkoako Harrera Familien Elkartearen bidez informa zaitezke harrera familia izatearen inguruan, beraiek ematen dizute beharrezkoa den informazio guztia. Eta, harrera familia izateko, foru aldundira jo behar duzu. Test moduko bat egiten dizute bertan, eta harrerak zertan datzan azaldu. Hautaketa prozesu batera bideratzen zaituzte, eta harrera etxe batean aurkitzen den kasu bat eskaini. 943 11 25 22 telefonora deitu dezake interesa duenak, informazio gehiago jasotzeko. Ez dut esaten harrera erraza denik, harrera, normalean, zaila izaten da, kasu oso konplikatuak daude etxeetan. Motxila emozionala denok daukagu, baina, ziurrenik, harrera haur batek besteek baino motxila handiagoa izango du; haurra egoera zail batetik etorriko da seguru, eta harrera familia gisa prest egon behar da horretarako.
Zein dira harrera familia gisa eduki beharreko ezaugarriak?
Ez dira ezaugarri berezi gehiegi behar. Etxe bat izatea, diru kopuru bat… gutxi gehiago. Foru aldundiak ere laguntza bat ematen dizu jasotako harrera haur bakoitzagatik. Harrera mota ezberdinak daude. Batetik, harrera espezializatua daukagu, harrera mota honetan, ezaugarri zehatz bat eduki behar da, profesional bat izatea: psikologoa, gizarte hezitzailea… Pertsona hauek soldata bat dute harrera haur bat izateagatik etxean, kasu zailenak beraientzako dira, 24 orduko terapia moduko bat jasoko dute haur hauek. Harrera iraunkorra daukagu bestetik, nire kasua hau da. Aurreikusten da harreran hartzen zaituztenetik 18 urte bitarte, bertan egongo zarela. Bestalde, denboraldi baterako harrera ere daukagu, gehienez bi urteko iraupena duena. Kasu hau, haurraren ama edo aita kartzelan sartu dutela izan daiteke, baina, aurreikusten da, haurrak posible duela bere guraso biologikoengana itzultzea. Azkenik, larrialdiko harrera daukagu, gehienez 6 hilabetez geratuko da haurra harrera familian, normalean haur oso txikiak izaten dira hauek, hilabeteak dituztenak edo urtebete, bi, bost. Harrera mota hauek, harrera familia permanente bat bilatu bitartekoak izaten dira, bilaketa tarte horretan haurra zentro batera ez eramateko egiten dira.
Nola bizi dute egoera harrera haurrek?
Nire kasuan, 6 urte nituela, gizarte hezitzaileak etorri ziren etxera, ni eta nire ahizparen bila. Izatez, hiru ahizpa gara, baina, zaharrenak 18 urte zituen jada, eta ezin zuten gurekin harrera etxera eraman, banandu egin gintuzten. Oroitzen naiz momentuan ezustean harrapatu ninduela, baina, aldi berean esan dezaket ulertu nezakeela egoera. 6 urterekin ez zara gai ulertzeko eta egoera den bezala analizatzeko, baina, ohartzen zara zure egoera ez dela egokiena. Beraz, esan dezaket ulertzen nuela, baina, ez zela batere erraza. Momentu oso gogorra izaten da, zentrora iritsi eta momentu horretatik aurrera bertan biziko zarela esaten dizutenekoa. Ez dituzu gainerako haur eta hezitzaileak ezagutzen, eta zuzenean, bertan egin behar duzu lo, bertan egin otorduak… bertan biziko zara 18 urte bete arte, harrera familia batek hartu ezean.
Izaten da harremanik haurraren harrera familiaren eta familia biologikoaren artean?
Orain, egoera aldatzen ari da, baina ni harreran hartu nindutenean, 2007an, harrera familia eta familia biologikoa ez zuten elkar ezagutzen. Eskerrak orain hori aldatzen ari den, egun, lehenengo momentutik bi familien arteko harremana sustatzen saiatzen dira, umearentzat bestela, izugarrizko leialtasun gatazka izaten delako. Lehen, haurra familia biologikoarekin harremantzen zen, baita harrera familiarekin ere, baina, horiek biak, haurraren bi erreferenteak, ez ziren elkar harremantzen, eta hori, oso gogorra da. Nire hartzaileak, Aitorrek, betidanik ezagutu nahi izan ditu nire gurasoak, baina, ezin izan zen kasua eman, nire aita biologikoa ez zegoelako egoera onean. Arriskua zegoen, aita biologikoak non bizi nintzen jakitean, nire bila etortzeko. Hortaz, 18 urte bete arte ez nuen non bizi nintzen esaterik, eta ardura hori nire gain zegoen.
Nola ematen da familia biologikoaren eta harrera haurraren harremana?
Bisiten bidez. Familia biologikoarekin izaten nituen bisitak oso gogorrak zirela oroitzen dut, zaila zen non bizi nintzen eta norekin bizi nintzen ezkutatzea, eta nire guraso biologikoentzat zaila zen informazio hori ez izatea. Zaila zen ere egoera bera, ezin nuen parke batean egon, lasai, gurasoekin. Gela batean sartzen gintuzten, guri begira zegoen begirale batekin. Egoerak ez zien laguntzen guraso biologikoei, ezta guri ere. Saiatzen dira haurra babesten, baina, kontrako efektua lortzen da askotan. Guraso biologikoei, non bizi ginen ezkutatzeak, ezinegona eta haserrea pizten zuen topaketa gelan; ama negarrez, aita oihuka, ahizpa larritu eta alde eginda, eta ni isilik, geldi, ezer esan gabe. Ez da batere erraza izan, familia biologikoarekin izandako harremana oso zaila izan da, bai guretzako, eta baita beraientzako ere.
«Guraso biologikoei non bizi ginen ezkutatzeak, ezinegona eta haserrea pizten zuen topaketa gelan»
Deskribatu labur, izandako familia egoera.
Lehen aipatu bezala, 6 urtera arte, Anoetan bizi izan nintzen, nire guraso biologikoekin. Bizilagunek eta eskolakoek deitu zieten zerbitzu sozialei gure egoeraren berri emateko; eskolan begi bistakoa zen gurasoek ez gintuztela arropaz aldatzen, gose ginela… zabartasun egoeran aurkitzen ginela. Aitor, nire bizitzako oparirik handiena izan da. Hasieratik izugarrizko konexioa izan genuen, Donostian ezagutu genuen elkar, zentroan. Aitorrek harrera etxean hartu gintuen ni eta nire ahizpa, 8 urte nituela. Lehenengo egunetik izan genuen gure familia berria izango zenaren berri; Aitorren aita, ama, arreba, anaia, ilobak… Ilobetako bat nire adinekoa zen, eta bestea ni baino bi urte gazteagoa. Nire adin antzekoa zuten haurrak hor egoteak asko lagundu zidan. Hala ere, egoera arraroa egin zitzaigun hasieran, beraiek beraien familia zuten osatua eta gu sartu ginen bat-batean. Arraroa zen, baina, ez ginen gaizki sentitzen. Hasieran saiatzen ginen ikusezinagoak izaten, ez molestatzen, baina, lehenengo haserreekin batera ohartzen zara zure lekua egin duzula bertan.
Nola oroitzen duzu bizitzako etapa hori?
Esango nuke, orokorrean, oroitzapen onak ditudala, nahiz eta badauden momentu oso gogorrak. Harrera familien inguruan entzuten denak, orokorrean, konnotazio negatiboa du. Askotan esan didate ez dudala harrera familia batekoa ematen. Drogarik kontsumitzen ez dudalako? Ez nagoelako galduta? Unibertsitatera joan naizelako? Aurreiritzi asko dago harrera haurren bueltan. Ez dira asko unibertsitatera iristen diren harrera haurrak, baina, aztertu beharra dago zergatik ematen den hori. Ez dira batere errazak bizitzen diren egoerak, eta bizitza beste modu batera hartzera behartzen zaitu horrek. Nik asko landu dut nire egoera, nire ahizpari adibidez, niri baino gehiago kostatu zaio. Nik, egia esan, betidanik izan dut egoera prozesatzeko gaitasuna, eta hasieratik ulertu nuen niretzako ona izango zela harrera familia batean heztea, baita, aurretik, harrera zentroan egotea. Profesional izugarriak izan ditut prozesuan, baina, lanketa hau nik egin dut, neure buruarekin, eta Aitorrekin. Zentroko profesionalak oso jatorrak ziren, baina, azkenean, horrenbeste alditan erreferentea aldatzen dizutenean, nazkatu egiten zara eta zure tresna propioak garatzen dituzu.
«Ez nuen neure burua aurkitzen egindako lanetan, lanak ez ziren nire sentimenduekiko leialak»
Honi guztiari lotutako liburu bat argitaratu zenuen duela hilabete batzuk, 'Ez nago bakarrik'. Nondik jaio zen liburua idazteko ideia?
Sorkuntza eta Diseinuko Gradua egin nuen, Leioan, eta, Gradu Amaierako lan gisa, zerbait pertsonala egitera ausartu nintzen. Otsailean atera nuen liburua, eta, ordura arte, ez nuen sekula libururik egin, ezta ilustraziorik ere; ez nituen Graduan bi alor hauek sekula landu. Gradu osoan zehar, nire emozioak alde batera uzteko joera hartu nuen, eta ez nuen nire emozioei lotutako lanik aurkeztu, sekula. Graduko lehenengo bi urteak, Arte Ederretako Gradukoekin batera egin genituen, eta, bertan, aukera izan genuen lan pertsonalak egiteko, hala ere, egindako lan horiek aurkeztu baino egun bat lehenago, lanaren gaia aldatzen nuen: egindako lana zakarrontzira bota eta nire emozioekin loturarik ez zuen proiektu berri bat sortzen nuen. Ez nuen neure burua aurkitzen egindako lanetan, lanak ez ziren nire sentimenduekiko leialak. Graduko lau urteetan emozioak saihesteko joera hartu nuen, baina, gradu amaierako lanean, azkenean, ausartu nintzen egiazko zerbait egitera. Argi nuen harreran dauden haurrei lagunduko zien zerbait egingo nuela. Beraz, neure buruari, berriz, atzera botatzeko aukera eman baino lehen, damutu baino lehen, burura etorri zitzaidan lehen aukerari heldu nion, liburu bat egiteari. Prozesu luzea izan zen, negar asko egin nuen bidean, eta oso lagungarria egin zitzaidan. Lan hau egitea, askatzeko eta nire sentimenduak ulertzeko modu bat izan da niretzako, oso ataskatuta egon naiz nire bizitzan zehar, oso disoziatuta, zerbait gogorra gertatzean, ez zidan eragiten. Liburu hau egitean, harreran dauden haurren azalean jartzea lortu dut berriro, eta Maritxu txiki batekin egin dut topo bidean, nire barneko haurrari lekua egin diot. Gradu Amaierako Lanean, liburua bera sortzeaz gain, memoria moduko bat ere osatu behar nuen. Liburutik abiatzen den memoria hori osatzean, botaka emozional ikaragarria egin dut. Sekula ez nuen ordura arte niri buruz idatzi, eguneroko baten formatua eman nion memoriari, eta 180 orriko lana atera zitzaidan, oso gustura gelditu nintzen sortutakoarekin.
«Liburu hau egitean, harreran dauden haurren azalean jartzea lortu dut berriro»
Zertan oinarritzen da liburua?
Harrera gaiaren barruan gai asko daude lantzeko eta izugarri kosta zitzaidan landu beharreko gaia zehaztea. Liburuak bisiten inguruan hitz egiten duen arren, barrualdean, gai gehiago lantzen ditu zeharka. Bost emozio ezberdinetan oinarritzen da liburua: beldurra, haserrea, tristura, kulpa eta lasaitasuna. Ametsek, protagonistak, pisu handi bat darama gainean, presio bat barnealdean, kanporatu ezin duena. Eskolako egoerez hitz egiten du, amets gaiztoez, arazoez… nazkatuta dago, ezin du atera barruan daramana. Irtenbidea, Aitorrekin, bere harrera gurasoarekin bilatzen du, berarekin lasaitzen da. Liburuaren gai nagusia harrera haurrek guraso biologikoekin izaten dituzten bisitak eta horien trataera bada ere, liburua unibertsala da, edonori lagun diezaioke. Pisu bat edota beldur bat barruan daraman edonori zuzendua dago, hori askatzeko beharra duen haurrari. Sentimenduak landu eta ezagutzeko balio du. Liburua Ez nago bakarrik da, protagonistak, sentitzen dituen sentimenduak bere parte direla ulertzen duelako.
Zein dira protagonistaren jokabideak?
Ipuina, Ametsen egunerokoan kokatzen da. Jaikitzean arraro sentitu da Amets, aurreko egunean, nola adierazi ez dakien zerbait gertatu zaio, gertaerari hitzak jartzea kostatzen zaio. Istorio osoan zehar, protagonista, kolore grisekoa da, zuri-beltza, bere emozioak ezagutzen ez dituelako, eta emozioak askatzen eta horiek ulertzea lortzen duenean, negar egin eta koloretakoa bilakatzen da, emozio bakoitzak kolore bat baitauka. Orrialde bakoitzean, emozio bat ezkutatzen da protagonistaren atzean, emozio bakoitzaren kolorekoa da Ametsen itzala.
Nori dago zuzendua?
Hasiera batean, liburua harrerako haurrentzat pentsatua zegoen, baita beraiekin egoten diren helduentzat: irakasleak, harrerako aitak edo amak zein zentroetako hezitzaileak. Aldi berean, ordea, emozioak lantzeko lagungarria izan daiteke haur guztientzat. Duela hilabete batzuk, Zarauzko haur batek mezu bat bidali zidan bere amaren telefonotik, esanez eskolan gertatutakoa amari kontatzeko gai izan zela liburuari esker. Azkenean, ipuin bat izateaz gain, tresna bat ere bada. Liburuak, atzealdean, eguneroko moduko bat dauka, fitxa formatuan, eta egunean zehar sentitutako emozioak ditu aukeran, identifikatzeko. Gaizki sentitzea zer da? Gaizki egoteak abaniko zabal bat dakar, eta sentimendu horien guztien ezagutza bultzatu nahi du liburuak. Eta, liburuaren amaieran, haurrak ikusten dituen munstroak marrazteko orrialde libre batzuk ditu, sormena lantzeko eta beste modu batzuetan adierazten ikasteko ere.
Liburuak jaso al du babesik?
Bai, liburuak babes handia jaso du. Harrera familien topaketa batean aurkeztu nuen liburua, honen aurreko bertsioa, eta liburua doan banatu zitzaien familia guztiei. Horietako asko etorri zitzaizkidan eskerrak ematera, liburua oso baliagarria egin zitzaiela esanez, jaso berri duten harrera haurrarekin konektatzeko, zehazki. Harrera familia askotan gertatzen da hasieran, haurrak, harrera gurasoei begietara begiratzeko arazoak izatea, barre ez egitea… Iruditzen zait liburu hau gauza txikia baina oso potentea dela. Nik izugarri eskertuko nukeen horrelako liburu bat haurretan, lasaiago sentituko nintzatekeen egunerokoan, ulertuago.
Non aurki genezake?
Euskaraz bi tokitan dago fisikoki, Zarauzko Garoa dendan eta Donostian, Donosti liburu-dendan. Gazteleraz, online, Amazonen eta Circulo Rojo argitaletxetan, No estoy sola izenburuarekin. Eta, norbaitek fisikoki Zarautz edo Donostiara azaltzeko aukerarik ez balu, nik korreo bidez ere bidal dezaket.