Jasangarritasunaren Txokoa sortu dute

Ataria 2024ko abenduaren 10a

Udalak Anoetako Herri Ikastolarekin batera, kanpaina bat abiatu du plastikozko tapoiak jasotzeko. Bildutakoekin eserlekuak egingo dituzte ikastola inguruko eremuan.

Anoetako Herri Ikastola eta kiroldegi artean Jasangarritasun Txokoa izeneko gunea sortu dute eta bertako eserlekuak plastikozko tapoi birziklatuz egindakoak dira. Udalak adierazi du «kezkaz eta arduraz» bizi duela larrialdi klimatikoaren gaia eta horregatik, azken boladan, ekimenak jarri dituela martxan; tartean da, ekonomia zirkularraren aldeko kontzientziazio, sentsibilizazio eta ahalduntzea bultzatzeko kanpaina, esate baterako.

Jasangarritasunaren txokoan birziklapena eta berrerabilpena bultzatuz, lehengaien xahuketa ekidin nahi du udalak. Ekimen hau indartzeko Anoetako Herri Ikastolarekin elkarlanean dinamika bat sortu du: ikasleek kanpainan bildutako plastikozko tapoiak ikastolako inguruko eserleku zaharkituak ordezkatzeko erabiliko dituzte, plastikozko tapoi birziklatuz eginiko eserleku berriak jarriz Jasangarritasun Txokoan

Kuboak ordezkatuko dituzte

Azken astean egindako eguraldiaren ondorioz, Anoetako udal brigadak egoera txarrean aurkitu dituen kuboak erretiratu ditu kaletik. Kubo horiek identifikatu ondoren, berriak eman zaizkie jabeei hondakinen gaikako bilketa egiten jarraitu dezaten.

Anoetako Udalak dei egiten die herritarrei kuboak ahalik eta denbora gutxiena eduki ditzaten kalean, horrekin arazo asko ekidingo baitira.

 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!