Jon Baldaren gol ikusgarria, hitzarmena luzatu berritan

Ataria 2024ko abenduaren 7a

Realaren bigarren taldean jokatzen duen 22 urteko anoetarrak gol dotorea egin zuen atzo Zubietan, Amorebietaren aurkako ligako partidan; 2027ra arte luzatu berri du hitzarmena klubarekin, eta azaroaren 21ean, lehen taldearekin egin zuen debuta, Errege Kopako lehen kanporaketan.

Realaren bigarren taldean jokatzen duen Jon Balda (Anoeta, 2022) berehalakoan ahaztuko ez dituen asteak bizitzen ari da. Azaroaren 21ean, lehen taldearekin egin zuen debuta, Errege Kopako lehen kanporaketan. Jove Español taldearen aurka jokatu zuen partida Realak, Alacanten, eta Imanol Alguacil entrenatzaile oriotarrak hasierako hamaikakoan zelairatu zuen anoetarra. Baldak 67 minutu jokatu zituen, eta sare sozialetan adierazi zuenez, txikitako ametsa bete zuen.

Handik egun gutxira, Realak komunikatu ofiziala argitaratu zuen: «Realak eta Jon Balda atzelariak akordioa lortu dute kontratua 2026-2027 denboraldiaren amaierara arte luzatzeko. Ezker hegaleko atzelari anoetarra infantila zenean iritsi zen klubera, eta gaur egun, Realeko bigarren taldean jokatzen du; pasa den uztailean, lehen taldearekin egon zen Japonian, bertan egindako aurre-denboraldiko prestaketan.

Azkenik, atzo, Amorebietaren aurka Zubietan jokatutako ligako partidan, gol ikusgarria egin zuen Baldak. 2-0 irabazi zuen Realak, eta Baldak talde txuri-urdinaren bigarren gola egin zuen. Denboraldi honetan egin duen bigarren gola da.

Bideoa: FEF TV

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!