Gogoz dago Bea Larrañaga (Errenteria, 1975) Anoetako saioa noiz iritsiko. Larunbatean herriko emakumeak gela balioanitzean bilduko dira 10:00etatik 13:00etara. Ostegunera arte egin daiteke izen-ematea, liburutegian edo posta elektronikoz, parekidetasuna@anoeta.eus helbidean.
Noiztik eskaintzen dituzu ahalduntzeko emakumeentzat klown tailerrak?
Sei bat urte izango dira. Bizkaian eta Gipuzkoan aritzen naiz, gehienbat. Ermuko Emakumeen Etxean, adibidez, hiru alditan izan naiz dagoeneko. Tolosan ere, asteroko klown tailer bat izaten dugu, eta nahiz eta ez dagoen, zehatz, emakumeen ahalduntzera bideratuta, han ere parte hartzaile gehienak neskak dira. Pentsatzen dut gisa honetako tailerrek espazio seguru bat eskaintzen dietela emakumeei, mugarik gabe, diren bezala ager daitezen.
Zein dinamika landuko dituzue larunbateko saioan?
Bat baino gehiago. Lehenengo ordubetea, adibidez, elkar ezagutzeko baliatzen dugu. Horretarako jolas kooperatiboak egiten ditugu. Kanpoko gauza guztiekin ahaztu eta norbere buruarekin konektatzeko aukera izaten dugu. Dena den, ez dezala inork beldurrik izan, ez dira oso jolas fisikoak, errazak dira egiten eta, gainera, oso dibertigarriak dira.
Saio guztiak berdinak izaten al dira?
Ez, inola ere. Ni saiatzen naiz saio bakoitzean entzunketa ariketa bat egiten eta taldearen beraren erritmoa errespetatzen. Asko zaintzen dut hori. Izan ere, espazio eroso hori lortzen badugu, beste zernahitarako, bidearen erdia egina dugu. Behin parte hartzaileak etxean bezala sentitzen direnean, pixkana hasten gara beste lanketa batzuekin. Askotariko inprobisazio teknikak ezagutu eta klownaren munduan barneratzen goaz poliki-poliki. Hiru ordu nahikoa dira horretarako eta emakumeentzat bidaia eroso eta erakargarria izaten da.
Zer nolako mugak gainditzen laguntzen du tailerrak?
Muga asko. Lotsak eta aurreiritziak gainditzen laguntzen dugu. Denok daramagu motxila handi bat bizkarrean. Besteek norberaz zer pentsatuko ote duten beldurrez egoten gara, baina ikusten duzunean, zeuk bezalaxe, aldamenekoak ere bere beldurrak daramatzala bizkarrean, lasaitu egiten zara. Parez pareko harreman horretan enpatia sentitzen dugu eta leku horretatik errazagoa da harremanak egiteko modu berriak eraikitzea.
Norbere beldurrekin jolastea da kontua.
Bai. Emakume asko gerturatzen dira tailerrera pentsatuz oso serioak direla eta ez dutela umorerako joerarik, baina nik esaten diet seriotasun horretan ere badagoela komikotasuna. Topatu egin beharra dago, ordea. Geure buruak zabalik utzi behar ditugu barruan dugun komikotasun hori aurkitzeko eta prest egon behar dugu geure buruaz barre egiteko. Geure buruaz eta geure inperfekzioez, denok baitauzkagu halakoak. Denak perfektuak bagina, ez legoke komikotasunik.
Zenbateko taldeak izaten dira ahalduntze tailer hauetan osatzen dituzuenak?
Gehienez 14 laguneko taldeekin egiten dut lan. Kopuru hori polita da lanerako eta jolasteko. Ariketak egiten ditugunean taldetxo bat zuri begira egotea interesgarria da. Energiak mugitzen dira batetik bestera eta gauza polita da. Talde txikiagoetan ere aritzen gara eta gauza interesgarriak sortzen dira. Taldearen tamainaren arabera, lorpenak ere ezberdinak dira.
Baldintzarik bete behar al da parte hartzeko?
Ez. Arropa erosoa eramatea nahikoa da.
Sudur gorriak janzten al dituzue ahalduntze tailer hauetan?
Eramaten ditut tailerrera, bai. Hala ere, taldearen arabera izaten da. Batzuetan banatzen ditut eta beste batzuetan ez. Niretzat oso garrantzitsua da inor ezertara behartuta ez sentitzea ahalduntze tailer hauetan.
Zeinek parte hartu ohi du gisa honetako tailerretan?
Orain arteko nire esperientziari begiratuta, esango nuke gehienetan 55 urtetik gorako emakumeak direla. Gazteagoei kosta egiten zaien, nahiz eta haiek ere gonbidatuta dauden parte hartzera. Pentsatzen dut, behin adin batetara iritsita emakumeei bost axola zaiela ondokoak zer esaten duen eta haietako asko animatzen direla gaztetan egin ez zuten hori egitera. Horrelako zerbait sumatzen dut ahalduntze tailerretan.
Behin tailerra bukatuta zer sumatzen duzu parte hartzaileengan?
Aldaketa bat. Emakume asko sartzen ez diren bezala ateratzen dira tailerretik, irribarre batekin eta begietako argitasunarekin. Hiru orduko saioa nahikoa da eta, askotan, lehenengo ordubetean giro aldaketa sumatzen da. Oso gauza politak gertatzen dira. Parte hartzaileek esan izan didate bidaia baten tankera duela: gustura zaude, ondo zainduta sentitzen zara eta pozik zoaz zoazen tokira.
Nola iraunarazi egunerokoan tailerrak eskaintzen dituzuen erremintak?
Ez da erraza. Berehala irensten gaituzte gure arazoek eta erraz itzultzen gara negatibo pentsatzera. Tailerrean lortzen dugun jarrera hori denboran iraunarazteko entrenamendua behar da. Aritu ahala sumatzen duzu nola zoazen aldatzen eta nola mudatzen zaizun pentsamendua.