237 etxebizitzak eman dute izena auzokonposta eta autokonposta proiektuan

Ataria 2024ko aza. 5a, 19:58

Anoetako etxebizitzen %25 baino gehiagok eman dute izena proiektuan. Aurrerantzean Anoetan giltza elektronikoarekin itxiko dituzte auzokonpostaje guneak.

Hondakinen inguruko legeek kontrol eta jarraipen mekanismoak indartzera bultzatzen ditu udalak eta horregatik auzokonpostaje guneak giltza elektronikoz ixteko hautua egin du Anoetako Udalak. Erabaki honekin lotuta egunotan auzokonposta eta autokonposta proiektuetan izena emateko aukera izan dute herritarrek eta orain eman dituzte ezagutzera emaitzak: auzokonpostan 219 etxebizitza apuntatu dira eta autokonpostan 18; herriko etxebizitzen %25etik gora, alegia.

Hondakin organikoa ondo sailkatzeak gaikako bilketan duen garrantzia eta sistema honen bidez organikoa kudeatzeak hondakinen garraio eta kudeaketa gastuan duen eragina ikusita, auzokonposta eta autokonposta bidez hondakin organikoa kudeatzen dutenek %10eko hobaria izango dute beraien hondakin tasan 2025ean. Honez gain,  Anoetako Udalak iragarri du lanean jarraituko duela sentsibilizazio lanekin, arlo honetan herriak dituen beharrei erantzuten.

Atez ateko sistemari ekin zion Anoetako Udalak bere garaian eta, geroztik, birziklapen tasa hobetzen joan da urtez urte, 2023ko batez betekoa %75etik gorakoa izatera iritsi arte. 2014an auzokonpostaje guneak jarri zituzten herrian eta funtzionamenduan izan dira etenik gabe. Gaur egun 9 gune dituzte. «Auzokonposta Anoetako Udalaren hondakin sistemaren erdigunean kokatu nahi dugu, hondakinak ahalik eta gertuen eta ahalik eta era naturalenean kudeatzea garrantzitsua delako», esan dute udal ordezkariek.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!