Burdinaren bueltan egin dute azoka

Leyre Carrasco 2024ko urriaren 13a

Euskal Jaiak ari dira ospatzen Anoetan, eta burdina izan da aurtengo festetako ardatza. Herriko artisau eta baserritarrek hartu dute plaza, eta eguerdian ardo dastaketa eta bazkaria egin dute.

Hamazazpigarren aldiz ospatu dituzte Euskal Jaiak Anoetan. Urtero bezala, azoka izan dute goizean, eta gertuko ekoizpenak eta ekoizpen ekologikoak hartu dute protagonismoa baserritarren eta artisauen azokan. Erdiko postuan, berriz, burdina eskuz lantzen duen Forjas Brun familiako kideak egon dira erakustaldia egiten. Izan ere, aurten burdina izan da Euskal Jaietako ardatza, eta horrekin lotutako beste hainbat ekitaldi ere izan dira tartean.

Esaterako, goizean zehar haurren eta helduen toka txapelketak izan dira, hauek ere burdinarekin lotura baitute. Eguerdian, berriz, ardo dastaketa egin dute Nafarroako Mendiko upategiko ardo ekologikoarekin eta txekor pintxoak dastatzeko aukera ere izan dute bertaratu direnek.

Azoka bukatuta, bazkariaz gozatzeko aukera izan dute herritarrek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!