Anoetako Udalak auzokonposta eta autokonpostaren aldeko apustua egiten du, eta bide horretan beste pausu bat emango du epe laburrean. Auzokonpostaje guneen kontrol eta jarraipenerako, giltza elektroniko bidezko irekiera jarriko du; eta norbere etxean autokonposta bidez organikoa kudeatu nahi duenari, materiala emango dio udalak.
Anoetako udaletxean eskaera egin ondoren, giltza elektroniko bat jaso eta organikoa non eta nola utzi zehaztuko zaio herritarrari. Une horretatik aurrera, edukiontzi marroia kalera atera ordez, hondakin organikoa auzokonpostaje gunea eraman beharko du, nahi duen egun eta orduetan. Konpost ontziaren tapa eta kandadua ireki, hondakin organikoak konpostaje gunean utzi eta ezingo da inolako poltsarik bota barrura. Udalak azaldu du, gero, mantentze lanetako langileek egingo dutela gainerakoa.
Anoetan auzokonpostean lortutako konposta herriko lorategiak ongarritzeko erabiltzen dute. Orain, erabaki honekin, jasangarritasunaren bidean aurrera urratsa eman nahi du udalak, hondakin hauen garraioak eragiten dituen isurketak gutxituz. Giltza elektronikoarekin kontrol eta jarraipen «zehatzagoa» egin ahal izango dutela nabarmen dute udal ordezkariek.
Hondakinen tasan hobaria izango dute datorren urtean auzokonposta eta autokonposta egiten duten herritarrek. Udaletxean eskaera egin beharko dute eta izen emateko azken eguna urriaren 31 izango da. Hondakinen gaineko tasaren azken ordainagiria aurkeztu beharko da eskaera orriarekin batera. Informazio gehiago nahi duenak 943 65 12 00 telefono zenbakira hots egin dezake edo mezua bidali ingurumena@anoeta.eus helbidera.