Anoetako herriak badu harremana burdinarekin eta horregatik gai horri helduko diote asteburuan egingo duten XVII. Euskal Jaian. Herriaren kaskoan dagoen Basagain burdin aroko herrixka 1989an aurkitu zutela nabarmendu dute antolatzaileek eta 1994tik indusketa lanak egiten dituztela bertan urtero. Inguru horretan egon izan diren meatzeei ere egingo diete erreferentzia aurtengo ekitaldian.
Urtero Hispanitatearen egunaren bueltan antolatzen dute anoetarrek Euskal Jaia. «Euskaldunontzat hain arrotza den egun horretan, nazioa garela eta gure eskubide guztien jabe izan nahi dugula aldarrikatuko dugu», esan dute festa iragartzeko ekitaldian. Honenbestez, larunbatean, urriaren 12an, 19:00etan ekingo diote egitarauari Andoni Ollokiegi musikariaren kontzertuarekin.
Igandean, berriz, urtero bezala, gertuko ekoizpenak eta ekoizpen ekologikoak hartuko dute protagonismoa baserritarren eta artisauen azokan. Erdiko postuan, burdina eskuz lantzen duen Forjas Brun familiako kideak egongo dira erakustaldia egiten. «1772an jarri zuten martxan enpresa, eta ordutik, 350 urtez ofizio hori kontserbatzen eta belaunaldiz belaunaldi transmititzen ari dira. Antzinako teknikak erabiltzen dituzte forma tradizionalak eta diseinu abangoardistak tartekatuz», aipatu dute Euskal Jaia batzordeko kideek.
Azokaz gain, igandeko egitaraua zabalagoa izango da. 11:30ean eta 12:30ean haurren eta helduen toka txapelketak izango dira, hauek ere burdinarekin lotura. Eguerdian, berriz, ardo dastaketa egingo dute Nafarroako Mendiko upategiko ardo ekologikoarekin eta txekor pintxoak dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Baserritarrez jantzita joateko eta erosketak etxetik eramandako poltsarekin egiteko eskatu dute antolatzaileek.
Azoka bukatuta, bazkariaz gozatzeko aukera izango dute bertaratutakoek. Barazki kitxea eta txekorra izango da aurtengo menua eta aukera begetarianoa ere egongo da. Antolatzaileek aurreratu dute 260 lagun inguru izango direla igandean frontoian bazkaltzen. Arratsaldean herri kirol desafioa izango da plazan eta aurrez aurre lehiatuko dira Uxue Ansorregi eta Julen Gabirondo bikotea eta Irati Astondoa eta Jokin Urretabizkaia Basozabal. Ostolaza eta Narbaizak eskainiko duten erromeriarekin amaituko da eguna eta Anoetako talogileek egindako taloak dastatzeko aukera izango da bertan.
Euskal Jaiaz gozatzeko deia egin diete herritarrei eta antolatzaileek eskerrak eman dizkiete egun hau aurrera eramateko lan egiten duten guztiei. 80 lagun inguru arituko dira asteburuan borondatez lanean.
Azokako parte hartzaileak
30 postu baino gehiago egongo dira igandeko elikagai eta artisautza azokan 10:00etatik aurrera:
- Elikadura
- Artamugarri (Anoeta) - barazkiak
- Sarobe (Anoeta) - barazkiak
- Asier Iraola (Anoeta) - piperrak
- Irakin (Anoeta) tokiko janari prestatua
- Ibai (Tolosa) - eztia
- Iparrabeer (Tolosa) - garagardo artisaua
- Eguzkileire (Amezketa) - ogi eta gozogintza ekologikoa
- Santa Klara baserria (Zumaia) - esnekiak
- Pikunieta (Antzuola) - ardi gazta ekologikoa
- OnEin (Hernani) - mermelada eta kontserbak
- Agerria (Irulegi) - ahate patea
- Arantzazu pasteleria (Urduña) - gozogintza
- Olano (Beasain) - mondeju eta odolkiak
- Atharri (Itsasu) - Ezpeletako piper hauts ekologikoa
- Mendiko (Aibar) - ardo ekologikoa
- Zituene (Orereta) - pasta ekologikoa
- Sendabelarrak eta kosmetika
- Bidatz Sasiain (Tolosa) - kosmetika naturala eta eztia
- Izpiliku (Orendain) - xaboiak
- Sara Letamendia (Aizarna) - ukenduak
- Artisautza
- Otero pilotagilea (Anoeta) - larruzko pilotak
- Aroa Colas (Anoeta) - bitxigintza
- Nazake (Anoeta) - kaleko arropa
- Ingaia (Hernialde) - poltsak, karterak eta motxilak
- Kaori (Villabona) - afro-oihalgintza
- Amlu (Villabona) - ehungintza bitxiak
- Ez da bide txarra (Tolosa) - mendiko arropa serigrafiatua
- Zapatari (Eraso) - larruzko oinetakoak
- Iratxe bitxiak (Gabiria) - ehungintza, bitxiak
- Xarmart (Leitza) - bitxigintza
- Pott zeramika (Itsaso) - zeramika
- Amesgile argitaletxea (Legorreta) - Euskal Herrian sortutako liburuak
- Eragileak
- Anitz dantza taldea
- Anoetako herri ikastola