Euskalduntasunetik kulturartekotasuna eraikitzeko proiektua jarri dute martxan

Ataria 2024ko irailaren 23a

Proiektua Uemak, Anoetako ikastolak eta Anoetako Udalak sustatu dute eta aurkezpen saio bat egingo dute asteartean, 18:00etan, Mikelasagasti auditorioan.

Uema, Anoetako ikastola eta udala elkarlanean ari dira euskalduntasunetik kulturartekotasuna eraikitzen. Proiektua Anoetako herritar guztiei zabaldu nahi diete eta horretarako aurkezpen saio bat egingo dute, irailaren 24an, Mikelasagasti auditorian, 18:00etan.

Proiektu honek bi helburu ditu: euskara komunikazio hizkuntza izaten jarraitzea eta, aldi berean, euskara ez dakiten jatorri atzerritarreko herrikideekin ulermena erraztea zein haien parte hartzea sustatzea. «Euskara zaindu eta sustatuko dugu, gure hizkuntza delako, batzen gaituena. Baina bide berriak bilatuko ditugu euskaraz ulertzen ez dutenak komunitatera hurbiltzeko eta parte aktibo izateko», esan dute bultzatzaileek.

Herritar guztiei luzatu diete gonbidapena proiektua azaltzeko bilerara gerturatu daitezen eta antolatzaileek aurreratu dute aldi bereko itzulpena egongo dela bertan.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!