Bisita gidatua egin dute Basagainera

Ataria 2024ko irailaren 17a

Irailean zehar Aranzadi zientzia elkartea indusketak egiten ari da Burdin Aroko Basagain herrixkan. Hainbat herritarrek larunbatean bisitatu zuten aztarnategia.

Azkeneko 29 urteetan bezala, Aranzadi zientzia elkarteko kideak indusketa lanak egiten ari dira Basagainen hainbat boluntarioren laguntzaz. Larunbatean anoetarrek bisita egin zuten aztarnategira.

Xabier Peñalver arkeologoak zuzentzen ditu lanak eta larunbatean hainbat argibide eman zituen aurtengo aurkikuntzen inguruan. Etxebizitzen eremuan mendebalderantz zetorren egitura baten aztarnak topatu zituzten aurreko kanpainan eta orain arte ez zekiten interpretatzen zer izan ote zitekeen egitura hori. Aurten aurkitu dituzten zenbait materialei esker, baieztatu ahal izan dute, bigarren Karlistaldiari dagokiola egitura. Peñalverrek adierazi du, garai berdinari dagozkion beste hainbat aztarnategietan ere topatu izan dituztela ondorengo mendeetako gatazken arrastoak.

Azpiegitura hori desmuntatzen ari dira orain azpian Burdin Aroko mailak daudelako. Iraila amaitu bitartean jarraituko dute Aranzadikoek bertan lanean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!