Gaikako bilketaren bilakaera «ona» nabarmendu du udalak

Ataria 2024ko uztailaren 23a

Lehen sei hilekoan %76tik gorakoa da hondakinen gaikako bilketa portzentajea, aurreko urteko batez bestekoa baina altuagoa.

Hondakinen bilketaren inguruko urteko lehen erdiko datuak jaso ditu Anoetako Udalak eta gaikako bilketak gora egiten ari dela nabarmendu dute udal ordezkariek. Iaz %75,81ekoa izan zen gaikako bilketa, auzo eta auto-konposta datuak kontuan hartu gabe. Honenbestez, udalak datu «onak» jasotzen ari direla aipatu du: «Gutxi batzuen arduragabekeriagatik askotan kaleak zikin ikusten ditugun arren, anoetarren gehiengoak ardura eta konpromisoa erakusten du hondakinen gaikako bilketarekin».

Bilketa datuen berri ematen duen taula eman du ezagutzera udalak. Ekainean beherakada ikusten da, baina udal ordezkariek argitu dute hori beiraren bilketa datuak sartu gabe daudelako dela.

«Anoeta ondo egiten ari da, anoetarrak ondo egiten ari dira eta gauzak hobeto egin ahal izateko bitartekoak jarriko ditu udalak», nabarmendu dute ordezkari politikoek.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!