Anoetarrek Bilboko eraso homofoboa salatu dute

Ataria 2024ko uzt. 2a, 19:30

Anoetako Udalak eta Adi eta So! mahaiak erasoen aurrean erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala aktibatu ondoren erabaki dute gaurko elkarretaratzea deitzea. Erasoa gaitzetsi eta babesa eskaini diote biktimari.

Herritar ugarik bat egin dute gaur Anoetako Udalak eta Adi eta So! mahaiak herriko plazan deitutako elkarretaratzearekin. Bilbon anoetar batek ekainaren 28an jasandako eraso homofoboaren gaitzespena egin dute bildutakoek. 

Anoetako Udalak eta Adi eta So! mahaiak gertaeren berri jaso eta informazioa egiaztatu eta kontrastatu ondoren aktibatu zuten erantzun publikoa emateko protokolo instituzionala, «informazioa baloratzeko eta beharrezkoa den koordinazioa ziurtatzeko eta erasoari eta bere gertukoei arreta egokia emateko». Alde batetik, LGTBI+ kolektiboaren eskubideak urratzen dituzten erasoak ez dituztela onartzen adierazi dute eta bestetik gaur arratsaldean egin duten elkarretaratzea deitu dute, indarkeria homofoboaren aurka herritarrek gaitzespena adierazi dezaten. 

«Indarkeria hori gizartean errotuta dauden aurreiritzien ondorioa da, eta baztertzen ditu ohiko estereotipoetatik kanpo dagoen joera oro. Guztion artean bilatu behar diogu irtenbidea gure bizikidetzaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi», esan dute elkarretaratzearen amaieran. 

Gaurko protesta ekitaldia bukatzerakoan deitzaileek esan dute ez dutela atsedenik hartuko pertsona guztiok eskubide guztien jabe garela bermatu arte, edozein dela ere norberaren aukera sexuala. «Erasoa jasan duen herritarrak guztion laguntasuna sentitu behar du. Guztioen erantzukizuna eta ardura da eraso hauei aurre egitea, gure gaitzespen irmoena adieraztea, eta erasotzaileei argi eta garbi azaltzea ez dugula horrelako jarrerarik onartuko inola ere». 

«Indartsuago egiten gaitu»
Biktimaren familiak elkarretaratzearen amaieran hitz egin du, eta jasotako babesa eskertu dute: «Une gogorrak, zailak eta esplika ezinak dira, baina hemen gurekin zaudetela sentitzeak eta denok elkarrekin arrazoirik gabeko eraso hauen aurka borrokatzen dugula sentitzeak indartsu egiten gaitu». 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!