Anoetar batek Bilbon jaso duen eraso homofoboaren harira gaitzespen «irmoa» azaldu dute Anoetako Udalak eta Adi eta So! mahaiak. Erasoa jasan duen herritarrari babesa adierazteaz gain, elkarretaratzea deitu dute, gaur, 19:00etan, herriko plazan.
«Indarkeria homofoboa giza eskubideen urraketa larria da, LGTBI+ kolektiboko pertsonen duintasunaren eta osotasun fisiko eta moralaren kontrako erasoa. Gure herrian bizi garen pertsona guztiok eskubide guztien jabe gara eta hori bermatzeko ahaleginean ez dugu atsedenik hartuko. Guztion artean bilatu behar diogu irtenbidea gure elkarbizitzaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi», adierazi du udalak.
Erakunde adierazpena onartu du Anoetako Udalak eta kezkatuta agertu da bertan LGTBI+fobiak gora egin duelako. «Geroz eta presenteago dago LGTBI+fobia eta azpimarratzen dugu indar politiko batzuk aniztasun sexualaren eta genero aniztasunaren kontra botatzen dituzten gorroto diskurtsoek ondorio larriak dituztela. Arduragabekeria da beste alde batera begiratzea eta egiaz gertatzen denaren kontzientzia ez izatea, eta horregatik, diskurtso eta ekintza diskriminatzaileak sustatzeari uztera eta haien kontra erantzutera deitzen ditugu indar politiko eta gizarteko sektore guztiak».
Erasoa jasan duen anoetarrari eta bere ingurukoei laguntza eta babes osoa eskaini diote. «Informazio eta baliabide guztiak jarri ditugu bere esku, baita egoerari aurre egiteko prozesuan beharko lukeen laguntza guztia ere».
Aldi berean, herritar guztiei gaur arratsalderako elkarretaratzean parte hartzeko deia luzatu diete, indarkeria homofoboaren aurka agertzeko eta erasotuari babesa adierazteko. Dei egiten diete gorroto mezuen eta erasoen aurrean «eragile aktibo» bihurtu daitezen. «Gure gizarteak ezin du normalizatu basakeria hau», esan du udalak. 19:00etan izango da protesta ekitaldia herriko plazan.