EH Bilduren talde berriak, duela urtebete, Anoetako udal gobernura iritsi zenean, agintaldi osorako gobernu plana onartu zuen. 12 hilabete pasa eta gero, iparrorratz horrekin jarraitzen dutela berretsi du Egoitz Luisa alkateak. Egitasmo guztiak bideratzeko «ilusioz, gogoz eta konpromisoz» lanean ari den taldea dutela aipatu eta gaineratu du, udal langile eta teknikari talde «eraginkorra» ari dela lanean. Hezkuntza munduko eragileak, kulturakoak, euskarakoak, gazte mailakoak, ingurumenaz kezkatzen direnak eta elkartasuna oinarri dutenak ere aipatu ditu alkateak. «Eragile eta herritar prestuak ditugu eta denok egiten dugu lan Anoeta hobeago batean bizi eta elkarren bidelagun izateko. Txikia da Anoeta, baina oso-oso aberatsa».
Herria oraindik ere aberatsagoa egiten jarraitzeko asmoa du udal taldeak eta espero du datozen urteak pasatako hau bezain «emankorrak» izatea. Herritarrei informazioa gardentasunez ematen segituko dutela azaldu du eta hitz eman du anoetarren iritzia jasotzeko bideak jarriko dituztela. Besteak beste, udalaren webgunea diseinatzen ari dira herriko eragileekin harremana indartzeko asmoz. Bide batez, azkeneko urtebetean eragileei bideratzen zaizkien laguntzak handitu ditu udalak eta auzolana bultzatu du.
«Talde berria gara, herritarrak bezalaxe konturatu gara, bultzatu eta bultzatu arren, gauzak nahi baino motelago doazela, baina, hala ere, badoaz. Lan mardula izan arren, ilusioz beterik gaude eta pozten gara herritarrak hurbildu eta kezka bat azaltzen digutenean, edota ekarpen bat egiten digutenean. Baita, arrazoituta, errieta egiten digunean ere. Horrek erakusten du denok dugula Anoeta erdigunean».
BIDERATUTAKO EGITASMOAK
Urte honetan bideratutako lanetako batzuk zerrendatu ditu udal gobernuak: elizaren eta parkearen arteko eremuaren atontzea; Lasarbe eremuko obren bideratzea; Errotaldea, Isasti, Hozpel eta Etxaburu auzoen eraberritze proiektuen aurkeztea; hiri altzari eta argiteria indartzea; kiroldegiko galdara sistema egokitzea; euskararen udal plana diseinatzea; edota larrialdiko etxebizitzaren erabileraren arautzea.
Ingurumenarekin loturiko gaiak ere aipatu dituzte udal gobernutik, eta esan dute energia berriztagarriaren autokontsumoa indartzeko kiroldegian plaka berriak jarriko dituztela aurki, herri baratzeen erabilera arautuko dutela eta auzo konposta indartzeko prozesua hasiko dutela.
Beste erakunde batzuen eskuduntza diren proiektuei dagokionez, elkarlana bultzatzen ari direla esan du alkateak. «Herritarrak informatu, haiei hitza eman eta azken emaitza herritarren mesederako izan dadin lan egingo dugu». Adibidetzat jarri ditu, tren geltokiaren irisgarritasun eta segurtasunarekin lotutako proiektua, Allegi eta Erausi arteko trenbide azpiko pasabidearena, edota herri sarrerako bidegurutzearena. Bide batez, egitasmo guztiei aurre egiteko eta urte honetan atzeman dituzten «gabeziak» bideratzeko, giza baliabide gehiago kontratatzen ari direla esan dute gobernutik, «herritarrek ahalik eta zerbitzu onenak izateko langile gehiago behar dituelako udalak».
Aurretik ere Anoetan EH Bilduk izan du gobernu ardura eta aurretik egindako lanari segida eman nahi diotela adierazi du Luisak: «Begi bistakoa da balore batzuk oinarri hartuta gobernatzen ari garela. Anoeta euskaldunagoa nahi dugu, feministagoa, eskuzabalagoa herrira datozenekin eta jasangarriagoa gure planetarekin. Uste dut herritarrekin batera erabaki asko hartu behar ditugula, elkarlana eta auzolana ezinbestekoak direla, modu batez edo bestez denon artean jarraitu behar dugulako Anoeta egiten».