Adifek tren geltokirako egokitu duen proiektua aurkeztuko du

Ataria 2024ko eka. 14a, 14:42

Geltokiko segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzeko iazko urrian aurkeztutako proiektuari egokitzapenak egin dizkio, udalaren eta herritarren iritziak jaso ostean. Asteazkenean, Adifeko arduradunek 16:30ean aurkeztuko dute udaletxean.

Adifeko arduradunek aurkezpen informatibo bat egingo dute asteazkenean, ekainaren 19an, 16:30etik aurrera udaletxeko batzar aretoan. Udalak egindako eskariari erantzunez, tren geltokiko irisgarritasun eta segurtasun arazoak konpontzeko proposamena aurkezteko bilera izango da. 

2023ko urrian tren geltokiaren inguruko arazoak konpontzeko proiektua aurkeztu zion Adifek udalari. Ordezkari politikoek eta teknikariek proiektua aztertu ondoren, eragin handiena jasango luketen auzoetako herritarrekin partekatu zuen, haien ekarpena jasotzeko asmoz.

Ateaga elkartearen paretik Apeadero-Aldeako eraikin aldera trenbide gaineko pasabide bat proposatu zuen Adifek bere proiektuan. Herritarrek proposamenaren inguruko kezkak azaldu zituzten, eta udalak, zalantza horiek planteatu zizkion bueltan Adifi iazko abenduan. Alternatiba ezberdinak planteatu zizkion udalak erantzun horretan, besteak beste, pasabidea lur azpitik egitea edo trenbide gaineko pasabidea izatekotan Apeadero-Aldeako eta Isasti 2-4 eraikuntzetatik aldentzea.  Udal ordezkariek Anoetara etortzeko gonbidapena ere luzatu zieten Adifeko arduradunei, egoera bertatik bertara ikusi eta kezkek zein funts zuten jakin zezaten.

Urtarrilean etorri ziren tren geltokiaren egoera ikuskatzera eta udalak Adifeko kideei jakinarazi zien, herri sarreran horrelako azpiegitura batek «inpaktu bisual ikaragarria» izango lukeela eta Igerabide pasealekutik geltokira dagoen sarrera desagertuko litzatekeela. Gainera, Apeadero-Aldea eta Isasti 2-4ko  auzotarrek egitura hori oso gertu izango luketela azaldu zieten udal ordezkari eta teknikariek Adifekoei. Honenbestez, hasieran egindako proposamena egokitzeko konpromisoa hartu zuten eta hori bera da Anoetako udaletxean aurkeztuko dutena datorren ekainaren 19an, 16:30ean, udaletxeko batzar aretoan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!