Anoetako jaiak 2024

Korputs jaietan izandako giro «ederra» nabarmendu du udalak

Ataria 2024ko ekainaren 3a

Festak posible izateko ekarpena egin duten herritar, elkarte eta eragileen laguntza eskertu du udalak; herri «dinamiko eta parte hartzailea» eraikitzen jarraituko dutela azaldu du.

Igo da kukua, ostera, kanpandorrera, Anoetako Korputs jaiak amaitu diren seinale. Hainbat egun igaro dituzte jai giroan anoetarrek, tartean bi asteburu, eta udalak balantze ona egin du, festa «ederrak» izan direla azalduz.

Herritarren eta eragileen lana eta parte hartzea azpimarratu du udalak, «horri esker egitarau anitz eta oparoaz gozatu ahal izan baita». Era berean, Anoetako jaiak aurrera ateratzeko beste behin beraien ekarpena egin duten herritar, eragile eta elkarte guztiei eskerrak eman dizkie: «Zuen laguntzarik gabe ez litzateke posible izango horren jai parte hartzaile eta herritarrak aurrera eramatea».

Hala, Anoetako Udaletik lanean jarraituko dutela esan dute, «udalaren, herritarren eta herriko taldeen arteko sareak ehunduz, Anoeta dinamiko eta parte hartzaile bat eraikitzen jarraitzeko, denon artean merezi dugun Anoetan bizitzeko». Herriko jaiak bukatu badira ere, ohi bezala, sanjoanen bueltan festa giroa itzuliko da berriro ere herrira.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!