Tokiko elikadura ardatz duen gunea da Irakin, eta egungo kontsumo ohituretara eta beharretara egokituta dago. Horretarako, etxera eramateko plater ugari dituzte aukeran, eta bertan aurkitzen diren produktu gehienak ekologikoak dira. Bertako produktuekin egiten dute lan nagusiki. Esaterako, Mahala edota Larreta bezalako markak aurkitu daitezke bertan, eta inguruko ekoizleei dei egiten diete: «euren produktuak gurean izan nahi badituzte, ongi etorriak izango dira».
Sukaldeaz gain, kafetegi zerbitzua ere eskaintzen dute. Bertan, kafe italiarra eskaintzen dute. «Kafeina ez dugu produktu kimikoekin kentzen, aire presioarekin edo ur iragazketarekin baizik», azaldu dute. Gainera, behi esnea erabiltzen dute, «krematsu eta oso goxoa». Mokadu bat hartu nahi duenak bertan ere izango du horretarako aukera, lorez apaindutako terraza zabala baitute.
Irakin proiektu oso bat da eta hor kokatzen da eskaintzen dituzten tailerrak. Une honetan, 6 eta 11 urte bitarteko 50 ikasle inguru dituzte. Astelehen, asteazken eta ostegunetan biltzen dira, talde ezberdinetan, eta 90 minutuko saioak egiten dituzte. Helburuak argiak dira: «Elikagaiak nondik datozen jakitea, ikasleak benetako sukalde batera gerturatzea eta elkarlana bultzatzea». Baina ez dira adin tarte horretara soilik mugatzen. Urtean zehar beste hainbat tailer antolatzen dituzte, heldu zein jubilatuentzat. Ekoizpen prozesu osoa erakusten diete, eta horretarako, lokal ondoan duten baratzera joaten dira. «Elikagaiak manipulatzen diren unea polita izaten da, zuzeneko harremana sortzen delako eta beste irakurketa bat egin dezakezu, estereotipoetatik aldenduz», gehitu dute.
- Helbidea. Ergoien Bailara 5 (Anoeta)
- Telefono zenbakia. 943 58 26 34