Kalitatezko osasun arreta eskatu dute Anoetako herritarrek

Jon Miranda Labaien 2024ko mai. 28a, 19:59

800 herritar inguruk sinatu dute Anoetako osasun zentroan arreta egokia eskatzeko orria; udalak Osasun Sailera bideratuko ditu orain sinadurak.

Anoetako osasun zentroan jasotzen zuten arretarekin kezkatuta zeuden herritarrak bilera batera deitu zituen udalak joan den maiatzaren 9an. Jende asko gerturatu zen bertara eta han bildutakoek adostu zuten maiatzean zehar sinadura bilketa bat egitea bi eskaera nagusirekin: kalitatezko lehen arreta bermatzeko, mediku, erizain, pediatra eta pediatraren erizain zerbitzuak herriko osasun zentroan jasotzea; eta osasun zerbitzua euskaraz zein gazteleraz bermatzea. Eskaera horiekin 800 anoetar inguruk egin dute bat.

Aurretik hartutako konpromisoa bete eta Anoetako Udalak sinadura horiek guztiak bildu eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailera bideratuko ditu. Ana Elosegi alkateordeak nabarmendu du «kopuru polita» dela bildutakoa eta orain udal ordezkariei egokituko zaiela herritarrek agertu duten kezka bideratzea. «Ikusiko dugu zein erantzun ematen diguten».

Mediku eta pediatra faltarekin kexu dira herritarrak. Egunotan medikua berriro itzuliko da bere postura, baina pediatra udazkenera arte itzuliko ez denaren susmoa dute herritarrek. «Behin behineko irtenbideak baino, egiturazko soluzioak eskatzen ditugu. Lehen arretari egiazko lehentasuna eman behar diote Osasun Sailetik», esan du Elosegik.

Anoetako osasun zentroan mediku edota pediatraren arta ez jasotzeak herritarrengan ondorioak dituela uste du Elosegik. «Gazteagoak direnak alde batetik bestera mugitu daitezke, baina adineko jende askok ezintasuna du eta ezin da ibili alde batetik bestera».

Argazki jendetsua

Anoetako udal ordezkariak jakitun dira lehen arretarekin arazoak ez dituztela euren herrian bakarrik. «Sinadura hauek erakusten dute egiazko kezka dutela herritarrek eta arduratuta daudela gaiarekin. Herri bezala harro egoteko moduan gaude, egoera honen aurrean antolatu eta mobilizatu egin direlako herritarrak».

Sinadura bilketari amaiera emateko gaur arratsaldean argazki jendetsua atera dute herritarrek Anoetako plazan, sinadura bilketa amaitutzat emanez.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!