Osasun zerbitzu «duin» bat eskatzen ari dira Anoetan

Ataria 2024ko mai. 15a, 11:59

Herritarren ekimenez sinadura bilketa bati ekin zaio; egungo osasun zentroko zerbitzua mantendu eta euskarazko zerbitzua bermatzeko eskatuko dute.

Azken hilabeteetan Anoetako osasun zentroaren zerbitzuak «beherakada nabarmena» jasan duela uste dute bertako herritarrek. Kalitatezko zerbitzua izatetik geroz eta urrunago dagoela iritzita sinadura bilketa abiatu dute. Maiatza bukaera arte jasoko dituzte sinadurak, eta gero udalari eskatuko diote euren kexa Osakidetzari helarazteko.

Bi eskaera nagusi egingo dituzte sinatzaileek: kalitatezko lehen arreta bermatzeko mediku, erizain, pediatra eta pediatraren erizain zerbitzuak Anoetako osasun zentroan bertan ematea; eta, Anoetaren ezaugarriak eta herritar guztien hizkuntza eskubideak kontuan izanda, osasun zerbitzua euskaraz zein gazteleraz ematea.

Udaletxeko harreran sinadura emateko aukera izango da goizetan. Plazan, berriz, mahaiak jarriko dituzte: maiatzaren 16an 09:30etik 11:00etara eta 17:30etik 19:30era; eta maiatzaren 21ean, 23an eta 24an 17:30etik 19:30era. Ikastolan ere jarriko dituzte mahaiak maiatzaren 16an, 21ean eta 23an 16:30etik 17:30era.

Ekimena indar erakustaldi batekin amaitu nahi dute, eta maiatzaren 28an, 18:30ean, sinatzaileek argazki jendetsu bat aterako dute plazan.

EKIMEN HERRITARRA

Anoetako osasun zentroan eskaintzen ari diren zerbitzuek izan duten bilakaera ikusita herritar askok jo dute zentrora bertara kexa jartzera. Egoitz Luisa alkateak aipatu duenez udalera ere gerturatu izan dira anoetarrak zerbitzuaren inguruan zeuzkaten zalantzak argitu nahian. «Udaletik saiatu izan gara Osasun Sailarekin harremanetan jartzen eta kexak bideratzen, baina bidea oso motza izan da. Esate digute ezer ezin dutela egin eta egoerak, hortaz, bere horretan jarraitzen du», esan du alkateak.

Erantzunik jaso ez dutela ikusita, udalak bilera batera deitu zituen herritarrak maiatzaren 9an. Udaletxeko batzar aretoa txiki geratu zen bertaratutako jende guztia hartzeko. Egoeraren larritasuna ikusita herritarrek euren esku hartu dute ekimena eta sinadura bilketari ekitea erabaki dute. «Udaletxeko harreran sinadura emateko aukera zabalduko dugu goizetan, baina herritarrak izan dira euren kabuz antolatu eta prestutasuna agertu dutenak plazan edota ikastolan mahaiak jartzeko».

Alkateak emandako datuen arabera, Anoetan 326 gaztetxo daude pediatra zerbitzua behar dutenak eta 14 urtetik beherako 1.785 herritarrek jasotzen dute medikuaren zerbitzua. Gainera, Alkiza, Irura edota Hernialde bezalako herriko umeentzat Anoetako pediatra da erreferentziazkoa. «Anoetako biztanleria gorantz doa azken urteetan eta zerbitzuak berdina izaten jarraitzen du. Ez zaigu erraza egin jakitea Osakidetzak zein ratio erabiltzen dituen mediku edo erizain kopurua zehazteko, baina esan digutenagatik Anoetan dagoeneko goitik gaude», aipatu du Luisak. Dena den, ratioen ingurukoa berandu baino lehen hitz egin beharreko gaia dela uste arren, alkateak esan du, oraingoz, herrian izan duten zerbitzuari eustean jarriko dituztela indarrak.

Komunikazio faltan ere jarri du arreta alkateak. «Bi egun lehenago esaten digute medikua etorriko den edo ez. Joan den ostiralean ni neu gerturatu nintzen osasun zentrora eta hango langileek esanda jakin nuen medikua hilaren 27an itzuliko dela eta lanaldi murriztuarekin urrian itzuliko dela pediatra. Osakidetzak ez dio udalari horren berri ematen, ez falta denean ezta bueltan datorrenean ere».

Momentuko egoera hilabete batzuetan konpondu daitekeen arren, Luisak nabarmendu du Osakidetzarena egiturazko arazoa dela. «Koordinazio falta» sumatzen du Osasun Sailean eta aitortu du osasun zentro batean ordezkorik ez jartzeak beste zentro batzuei lan karga handitzea dakarkiela: «Lehen arretari benetako lehentasuna ematea eskatzen dugu. Gure ustez osasungintzaren lehen zutabe garrantzitsua da. Gertuko eta konfiantzazko arta hori indartu behar da lehendabizi, ondorengo ospitalizazio eta bestelako lanak ekiditeko».

Pozik agertu da alkatea herritarrek agertu duten erabakimenarekin. «Iruditzen zaigu herriz herri horren inguruko lanketa egin behar dela eta sinadura bilketa gaia mahai gainean jartzeko modu bat dela. Momentukoetatik harago, egiturazko neurriak har ditzaten eskatzeko unea da».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!