Herrian osasun zerbitzu egokia eskatzeko sinadurak bilduko dituzte

Ataria 2024ko mai. 10a, 18:00

Argazkiak: Anoetako Udala

Mediku, mediku-erizain, pediatra eta pediatra-erizain zerbitzuak Anoetan ematea eskatuko dute, baita langileek euskaraz eta gazteleraz komunikatzeko gaitasuna izatea ere.

Herri bilera deitu zuen atzo Anoetako Udalak herriko osasun zentroaren zerbitzuaren inguruan hitz egiteko. Bilera jendetsua izan zen. «Bistakoa da egoera larria dela eta herritarrak oso kezkatuta daudela gai honekin», esan dute udal ordezkariek eta berretsi dute udala bera ere kezkatuta dagoela gaiarekin.

Atzoko bileran adostutakoaren arabera, eskaera idatzi bat prestatuko du udalak, bi gai nagusirekin: alde batetik, mediku, mediku-erizain, pediatra eta pediatra-erizan zerbitzua Anoetan bertan ematea; eta bestetik zerbitzuak emango dituzten langileek euskaraz zein gaztelaniaz komunikatzeko gaitasuna edukitzea, herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko.

Udaletxeko harreran sinadura emateko aukera izango da goizetan. Horrekin batera, mahaiak jarriko dira zenbait egunetan. Plazan, maiatzaren 14an eta 16an 09:30etik 11:00etara eta 17:30etik 19:30era; eta maiatzaren 21ean, 23an eta 24an 17:30etik 19:30era. Ikastolan ere jarriko dituzte mahaiak maiatzaren 14an, 16an, 21ean eta 23an 16:30etik 17:30era.

Atzoko bileran adostutakoaren arabera, maiatzaren 28an, 18:30ean, argazki bat aterako dute plazan herritarrek ekimenari babesa eman diezaioten.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!