Hiru eguneko grebaren ostean akordioa lortu dute Orbelaneko langileek

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 25a, 12:28

Anoeta eta Andoaingo tailerretako langileek hiru eguneko greba mugagabea egin ondoren, enpresarekin KPItik gorako soldata igoera adostea lortu dute langileek

Joan den astelehenean hasitako greba mugagabea bertan behera utzi du Orbelan lantegiko langileen batzarrak enpresarekin akordioa lortu ondoren. Lan itun berrian, KPItik gorako soldata igoerak adostu dituzte.

2024an KPI + 475 euroko igoera lineala hitzartu dute enpresarekin; 2025ean KPI + 500 euroko igoera lineala; eta 2026rako, KPI + 512 eurokoa. Gainera, 250 euroko ordainsaria lortu dute hitzarmenaren indarraldiko lehen urterako. Horrela, langile guztiak soldata prekarietatetik ateratzea lortu dutela jakinarazi du ELA sindikatuak.

Era berean, malgutasuna 20 ordutan murriztuko dute; gau plusa 18 eurora igoko da 2024an, 19 eurora 2025ean, eta 20 eurora 2026an; taulak eta aseguruak eguneratuko dituzte, eta aurreko hitzarmenetan itundutako lan erreformen aurreko blindajeei eutsiko zaie; hitzarmena indarrean dagoen bitartean 12 orduko lanaldia jaitsiko da.

Orbelan Plastikoak enpresa, industria kimikoko CIE Atomotive euskal multinazionalaren parte da eta 155 langile ditu Anoeta eta Andoaingo lantegietan. Joan den astelehenean abiatutako grebak jarraipen zabala izan du bi tailerretan. «Lortu diren hobekuntzak greba mugagabearen eta antolaketa sindikalaren ondorio dira», ELA sindikatuak esan duenez. Bederatzi ordezkari sindikaletatik zazpi ditu ELAk. «Negoziatzeari bizkarra ematen zion enpresaren jarrera aldaraztea lortu dute langileek grebarekin, KPIaren oso gainetik dagoen igoera bat lortuz», gaineratu du sindikatuak.

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!