Langileak azaroan hasi ziren enpresarekin negoziatzen, lan baldintza hobeak lortzeko. Soldatak igotzeko, lanaldia murrizteko, gauetako lanaldien gehigarria igotzeko, eta lan poltsako orduak gutxitzeko eskatzen dute. 155 langile ditu enpresak eta autoentzako piezak egiten dituzte.
ELA sindikatuak esan du gaur eguerdian egitekoak ziren manifestazioa ez dutela egin; «enpresa aldi baterako kontratua duten langileei deitzen hasi da eta horietako batzuk presiopean lanera etorri dira gaur. Horren aurrean manifestazioa ez egitea eta piketea mantentzea erabaki dugu». Sindikatuak gehitu du tentsio uneak izan direla. Enpresak greba eskubidea urratu ote duen aztertzen ari dira orain.
Gaur 17:00etarako deituta zuten eguneko bigarren manifestazioa, Andoainen hori ere, eta deialdi hori mantentzea erabaki dute.
Langile batzordea ELAko zazpi lagunek eta UGTko bik osatzen dute. ELAk hitzarmen kolektibo baten alde «irmo» borrokatuko direla gaineratu du.
CIE Automotive 2002an sortu zen, Corporacion Industrial Egaña eta Aforasa taldea (Patricio Echevarria izandakoa) batu zirenean. Erosketa asko egin ditu azken urteetan, eta, horien ondorioz, autoen osagai gehienen ekoizpenean aritzen da: errekuntza motorretarako orotariko piezak, karrozeriak, direkzio sistemak, plastikozko osagaiak, transmisioak, galgak... Iaz inoiz baino etekin handiagoa eskuratu zuen enpresak, 320 milioi euro irabazi zituen, 2022an baino %6,7 gehiago. Salmentak %3,1 handitu zituen, 3.959 milioi euroraino, eta Europa (%36) eta Ipar Amerika (%31,1) izan zituen merkatu nagusiak.