Orbelan enpresako langileek greba mugagabea hasi dute

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 22a, 16:51

Anoetako eta Andoaingo lantegiak itxita daude, eta bihar, Andoainen manifestazioak egingo dituzte lan hitzarmen duin baten alde.

Anoetako CIE Orbelan Pasticos enpresako langileek greba mugagabea hasi dute gaur, lan hitzarmen duin bat eskatzeko. ELA sindikatuak jakinarazi duenez, erabateko jarraipena izan du greba deialdiak eta enpresaren Andoaingo eta Anoetako tailerrak itxita daude.

Joan den apirilaren 13an izandako langile asanbladak erabaki zuen apirilaren 22tik aurrera greba mugagabea hastea, hilabeteetako negoziazioaren ondoren, enpresa buruek planteatutako azken proposamenak langileen eskaerak jasotzen ez zituela ikusita.

ELA sindikatuak dioenez, Orbelan enpresako plantilla feminizatuta dago, eta grebarekin egingo dituzten eskakizunen artean jarri dituzte, soldaten igoera, gaueko lan orduetako prezioen igoera, lanaldien murrizpena eta lan poltsen orduen jaitsiera. Soldata duin baten alde, eta aldi berean, enpresak alde bakartasunez orduen lan poltsa erabiltzeko duen ahalmenaren kontra borroka egingo dutela jakinarazi dute grebara batu diren langileek.

2022an lau eguneko greba mugagabea egin zuten Orbelaneko langileek eta enpresako hitzarmen kolektiboa sinatzea lortu zuten. «Lau eguneko grebaren hitzarmen garrantzitsua lortu zuten, beraz, langile hauek ongi ezagutzen dute antolakuntzaren boterea eta borroka», adierazi dute ELA sindikatuko iturriek.

Sindikatuak hitz eman du hitzarmen kolektibo duin baten alde borrokatuko duela: «Gure eskaerak jasoko dituen hitzarmen baten alde egingo dugu, hori baita kolektibo horrek pairatzen duen prekarietatearen aurka borrokatzeko modu bakarra».

Bihar, asteartearekin, Andoaingo Orbelan enpresatik Goiko plazara bi manifestazio egingo dituztela jakinarazi dute greban dauden langileek, 12:00etan lehena eta 17:00etan bigarrena.

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!