Leire Zumetak Markina-Xemeingo IV. Helduen Trikiti Txapelketan parte hartuko du

Tolosaldeko Ataria 2024ko api. 17a, 17:15

Amaia Arza pandero jotzailearekin batera parte hartuko du anoetarrak. Iazko txapelketan hirugarren sailkatu ziren.

Maiatzaren 11n egingo dute Markina-Xemeingo Helduen Trikiti Txapelketa. Aurtengoa laugarren aldia izango da antolatzen dutena eta bederatzi bikotek hartuko dute parte. Tartean izango da Leire Zumeta anoetarrak eta Amaia Arza añorgatarrak osatzen dutena. Finalerako sarrerak 10 euroan sarean eskuratu ahal izango dira aurrez.

Aurten Helduen IV. Trikiti Txapelketan parte hartzeko beharrezko adina 24 urtetatik 18ra jaitsi dute. Leire Zumeta eta Amaia Arzarekin batera hauek izango dira gainerako zortzi bikoteak:

  • Alaitz Roteta eta Ander Duñabeitia
  • Irati Arzelus eta Mirari Plazaola
  • Hegoi Petite eta Mikel J. Elizaran
  • Ander Blasco eta Jon Ander Azkue
  • Andoni Oruesagasti eta Uxue Kerejeta (III. Trikiti Txapelketako bigarren sailkatuak)
  • Jaume Parra eta Hekthor Folk Mahasti,
  • Enaitz Alberdi eta Elaia Diaz
  • Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar (bi aldiz irabazleak)

Fandangoa, trikitia, porrusalda eta arin-arina jo beharko dituzte trikitilariek. Pieza horiek puntuatuko ditu epaimahaiak. Aurten, gainera, guztiek fandango bera jo beharko dute, Edurne Iturbe trikitilariaren Zaharra baina berria pieza, Markina-Xemeingo txapelketarako egindako moldaketarekin.

Txapeldunek, txapelaz gain, 1.000 euro eta oroigarriak eskuratuko dituzte; bigarrenek 700 euro eta oroigarriak; hirugarrenek 600 euro eta oroigarriak; laugarrenek 300 euro; eta atzetik sailkatutako gainerakoek 250 euroko dieta jasoko dute.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!