Astelehenean zabalduko dute berriro Anoetako liburutegia

Ataria 2024ko apirilaren 12a

Udalak liburuzainarekiko, beste erabiltzaileekiko eta arautegiarekiko errespetua eta arduraz jokatzea eskatu du.

Datorren astelehenetik aurrera berriro irekita egongo da Anoetako udal liburutegia ohiko ordutegian.
 
Udalak erabiltzaile guztiei liburuzainarekiko, beste erabiltzaileekiko eta arautegiarekiko, errespetua eta arduraz jokatzea eskatu du. Besteak beste bizikidetza egokirako arau hauek jarri dituzte: isiltasuna gordetzea; dispositibo elektronikoen soinuak deskonektatzea; patxadaz ibiltzea; haur kotxeak, patineteak, baloiak eta antzekoak liburutegiko sarreran uztea; 8 urtetik beherako haurrak heldu baten laguntzaz joatea; ordenagailuak informazioa eskuratzeko eta lanak egiteko bakarrik erabiltzea; eta instalazioetan ez jan, ez edatea eskatzen dute.
 
Esku hartzeak egin dituzte
 
Anoetako Udalak jakinarazi duenez, bestalde, hainbat lan egin dituzte azkeneko egunetan. Osinzuloko bidean gertatu zen luiziak bidea oztopatzen zuenez, garbitu egin du udal brigadak makinariaz lagunduta.
 
 
Horrekin batera, herri baratzen eremuen zeuden konposta guneen egoera txarra ikusita, desmuntatu egin ditu udal brigadak. Ahal bezain azkarren herri baratzeetan sortzen den landaredi eta materia organikoa konpostatzeko egitura aproposagoak jarriko ditu Anoetako Udalak.
 
 
Apirilaren 16an, neguko loreen banaketa egingo dutela jakinarazi du udalak, 08:30etik 13:30era. Udaberriko loreen landaketa egingo da eta nahi duenaren eskura jarriko dira kentzen diren neguko loreak.
 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!