ERREPORTAJEA

Elkarrizketa artistiko batek sortutakoak

Imanol Garcia Landa 2024ko api. 5a, 07:59

Julen Iztueta anoetarraren artelanak ikusgai daude Donostiako Ekain galerian; Mari Paz Jimenezen margolanetatik abiatu da lan horiek sortzeko, artearen ikuspegitik elkarrizketa bat osatuz.

Julen Iztuetak (Anoeta, 1987) Espazialismo intimoa izeneko erakusketa du ikusgai Donostiako Ekain galerian, apirilaren 13a arte. Mari Paz Jimenez artistaren lanekin egindako elkarrizketa artistiko batetik sortutako obrak egin ditu Iztuetak, eta galerian bien lanak daude ikusgai.

Donostiako Alde Zaharreko Konstituzio plazan dago Ekain galeria, eta Rita Unzurrunzaga bertako zuzendariaren gonbidapen batetik sortu zen erakusketa egitearena. «Bere asmoa Mari Paz Jimenezen erakusketa bat egitea zen, eta hortik abiatuta, nire collage lanekin elkarrizketa artistiko bat sortzera gonbidatu zidan», azaldu du Iztuetak. «Galeriako zuzendaria denetik, konturatu da gizonezkoen eta emakumezkoen artean desberdintasun handia zegoela galerian bertan zuen fondoan, eta emakumeei ikusgarritasuna ematen saiatzen ari da». Bide horretan, Mari Paz Jimenezen lana ere berreskuratzen ari da Unzurruzaga.

Mari Paz Jimenezen izena entzunda zuen Iztuetak, besteak beste Arte Ederrak ikasi baitzituen, baina ez zuen oso ondo kokatzen Artearen Historian. «Gonbidapen hau niretzako oso interesgarria izan da, eta Ritari eskerrak ematen dizkiot aukera hau eman didalako. Bere figura Euskal Herriko Arte Garaikidean oso garrantzitsua izan zela deskubritu ahal izan dut, eta eragin handia izan zuela niretzat oso garrantzitsuak diren Oteizarengan eta Txillidarengan, adibidez». Oteizaren oso laguna zela ekarri du gogora Iztuetak, eta Gaur kolektiboarekin harreman estua zuela, bertako artistak baino zaharragoa izan arren. «Oteizarengan eta Txillidarengan eragina izan zuen, eta beste hirietatik Arte Garaikidearen influentziak ekarri zituen. Bere figura oso interesgarria iruditzen zait. Izan ere, hain garrantzitsua izanik beraientzako eta gero ikustea Mari Paz Jimenezen figura nola galdu den Artearen Historian...», zehaztu du anoetarrak.

Valladoliden jaio zen Jimenez, eta sei urterekin Donostiara joan zen bizitzera. Bilintxen bilobarekin ezkondu zen; erbestera joan behar izan zuten, eta 1945ean itzuli ziren, ondoren Euskal Herrian geratzeko. «Valladolidetik etorri izana eta ijitoa izanik bere identitatea ere oso interesgarria iruditzen zait», esan du Iztuetak. Emakumeen Nazioarteko Egunean izan zen erakusketaren inaugurazioa. «Badago bere figura berreskuratzearen asmoa. Saiatzen ari gara bere tokia ematen, eta aurten ere izango dira erakusketa instituzionalak bere lana erakusteko».

Erretratu bat osatzen

Jimenezen bilduma konkretu batekin osatu ditu Iztuetak bere lanak. «Bere azken etapakoak dira, eta bere lan horiek nahiko koadro minimalistak dira, nahiko monokromatikoak, eta bertan ikusi daitezke plano handiak eta ñabarduraz betetakoak», azaldu du artista anoetarrak. «Nik hasieratik saiatu naiz bere figuraren inguruan irakurtzeaz gain, bere ondare plastiko horretan murgiltzen. Utzi dut alde batera nire ohiko sortze modua, eta gerturatu naiz bere unibertsora, koloreei garrantzia emanez, eta baita konposizioari ere». Ekain galerian Jimenezen hamabost margolan ikusi daitezke, eta Iztuetaren lanei begiratuta bi zati nabarmen ikusi daitezke estiloaren aldetik: Jimenezen lanen antza gehiago duen zati bat eta beste zati bat non Iztueta saiatu den bere ohiko lanera gehiago gerturatzen.

 

Julen Iztueta: «Hasieran oso urrun ikusten nuen nigandik Mari Paz Jimenez, baina konexio garrantzitsuak ikusi ditut prozesu honetan»

 

Iztuetaren ohiko sormen lana identitatearen inguruan zentratzen da, batez ere genero ikuspegia eta maskulinitatearen inguruan. «Nire esperientzia propiotik lan egiten dut, eta sortuta dauden irudiekin aritzen naiz beti: collage teknika erabiltzen dut, paperak bilduz aldizkari eta liburu zaharretatik, eta horiek puskatuz eta tolestuz». Bere sormen lanean alde kontzeptuala oso garrantzitsua da. «Bilduma berri bat egiten dudanean, beti dago kontzeptu garrantzitsu bat atzean, lan guztiak bateratzen dituena. Kasu honetan hasieran oso urrun ikusten nuen nigandik Mari Paz Jimenez, baina konexio garrantzitsuak ikusi ditut ere prozesu honetan. Adibidez, hutsunearen inguruan: nolabaiteko zuloak eraikitzen ditu bere konposizioekin, eta nik papera zulatzen dudanez, hor ere badaude elkar ukitzen diren nahiko puntu».

«Erronka» izan da Iztuetarentzat erakusketa osatzea. «Hasieran nahiko amildegi handia zegoela iruditzen zitzaidan; gonbidapena asko eskertu nion Ritari, baina ez neukan argi noraino iritsiko nintzen. Gero segituan hasi nintzen bere figura aztertzen eta hainbeste puntu interesgarri ikusita, horrek animatu ninduen aurrera jarraitzera. Uste dut azkenean ikusi daitekeen elkarrizketa interesgarria dela». Erakusketarentzako lanak sortzerakoan, «alde sakonenean, subjektu baten erretratu bat» osatu duela azaldu du anoetarrak: «Bere buruari bueltaka dabil, eta baita ere bere buruari begiratze horretan forma galdu duen subjektu horren erretratu bat osatzen saiatu naiz. Hori niretzat oso konektatuta dago Mari Pazen ibilbide guztiarekin, eta bere buruarekiko eta bere identitatea nola osatu zuen prozesuarekin».

Ekain galerian erakusketaren muntaia egiterakoan kontuan hartu da oinarrian dagoen elkarrizketa artistikoa. Sartzerakoan ongietorria eginez Iztuetaren bi lan daude, eta gero Jimenezen lanean zentratzen da, eta ondoren bigarren zatian Iztuetaren beste piezak daude. «Saiatu gara muntaiarekin elkarrizketa horren aztarna uzten», esan du anoetarrak. «Sortze prozesuan kontuan izan dut bere lana eta bere lan egiteko modua, eta horregatik nahasketa hori egiten saiatu gara galerian».

Proiektua mugitzeko gogoz

Iztueta Katalunian bizi da eta astebete inguru izan zen hemen, Donostiako erakusketa muntatu eta inaugurazioan egoteko. «Bertan lagunak eta senitartekoak izan ziren; nire proiektu garrantzitsu bat Donostian erakutsi ahal izan dut eta beraien ikuspuntua ezagutzea garrantzitsua izan da. Rita bera oso kontentu geratu da, eta ni ere bai. Mari Pazen ezagunak ziren bi pertsona pasa ziren, beraiekin egoteko aukera izan dut, eta dirudienez jende guztia kontentu dago emaitzarekin», zehaztu du. Erakusketan dauden piezak salgai daude, bai Jimenezenak eta baita Iztuetarenak ere, eta galerian bertan erosi daitezke.

Horrelako proiektu batean murgiltzen denean, Iztueta saiatzen da proiektuak ibilbide luzeagoa izan dezan. «Nahiko gorputza hartu du, eta saiatuko gara lan hau mugitzen eta beste leku batean kokatzen, beste publiko batek ikusi ahal dezan». Hainbat erakusketa egin izan ditu Iztuetak, horietako bat Hanburgon (Alemania), eta bertako bi original Ekain galerian daude. Bestalde, Iztueta aurreko urtearen bukaeran erresidentzia artistiko bat egin zuen Katalunian beste hemeretzi artistekin, eta han beste bi lan egiteko aukera izan du, eta baita aurkezteko ere. Horrez gain, zenbait artistekin kolaborazioak egiten dabil, eta aldizkari batzuekin erreportajeak ilustratzeko irudiak sortzen.

 

Julen Iztueta: «Denok gaude gure izaeren inguruan bueltak ematen, orain arte gauzak nola egin diren begiratu eta horiei buelta eman nahian»

 

Iztuetak bere sormena nondik bideratu nahi duen garbi du: «Identitatearen inguruko gaietan murgilduta nagoenez, beti nabil horrekin bueltaka. Ikasketak egin nituenetik beti ibili naiz identitatearen inguruan. Nik uste dut nire prozesu pertsonalarekin zerikusia duela, eta batez ere maskulinitatearen gaiaren inguruan ni ere nire identitatea sortzen ibili naizenez, zer gauzek eragin didaten, zergatik eta nola begiratuz. Horrekin buru-belarri ibili naiz, irakurketa asko eginez eta nire interesa horren inguruan doa». Iztuetak ikusten du identitatearen gaia gizartearen lehen lerroan dagoela: «Denok gaude gure izaeren inguruan bueltak ematen, gauzak zuzendu nahian, orain arte gauzak nola egin diren begiratu eta horiei buelta eman nahian, eta prozesu horretan ere badaude kolektibo asko kanpoan geratzen direnak edo nolabait erresistentzia egiten dutenak. Horren inguruan elkarrizketa sustatu nahi izaten dut, nire lanek elkarrizketa hori elikatzea».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!