Umore tailerra emango dute ikuspegi feministatik

Ataria 2024ko otsailaren 16a

Otsailaren 24an eskainiko dute tailerra Bea Egizabalek eta Paki Caballerok. Doakoa izango da tailerra, baina otsailaren 20a baino lehen eman beharko da izena.

Barrez lehertzen tailerra eskainiko dute Bea Egizabalek eta Paki Caballerok Anoetan, otsailaren 24an, 10:00etatik 13:00etara. Helburua, nagusiki, ondo pasatzea dela nabarmendu du Egizabalek. «Heldu gehienok, baina emakumeok, bereziki, alde ludiko hori nahikoa itzalita daukagu eta tailerrarekin horri buelta eman nahi genioke».

Hainbat aurreiritzi hankaz gora jarri nahi dituzte tailerrarekin. "Emakumeok barre ez dugula egiten esaten digute, amargatuta gaudela, eta gero barre egiten badugu, berriz, tuntuntzat hartzen gaituzte, arduratsuak izango ez bagina bezala. Esplikazio bat eman nahi diogu guzti horri, eta azaldu zergatik garen askotan emakumeok hain zorrotzak geure buruarekin", esan du Egizabalek.

Alde batetik hausnarketa landuko dute Barrez lehertzen tailerrean, baina jolaserako tartea ere hartuko dute: «Gorputza jarriko dugu parte hartzaileok, tailerrera joaten den pertsona protagonista bihurtuko da. Egunerokotasunean, sistema patriarkal honetan emakumeok zerbait ez bagara, erdigunea da eta tailer honetan gure gorputzak jarriko ditugu zentroan».

Ondo pasatzeko tailerra da Anoetan emango dutena. Egizabalekin batera, Paki Caballero arituko da saioa gidatzen. «Lasartearra da berez eta Hernanin bizi da. Azken 15 urteak Argentinan eman ditu eta han formazioa jaso du. Clown, tangoa eta kale antzerkia landu izan ditu. Egoera zaurgarrian dagoen jendearekin ere lan asko egin du eta duela bi urte itzuli zen Euskal Herrira». Orduan elkartu ziren Egizabal eta Caballero Donostiako Emakumeen Etxean, ikuspegi feministatik umorea eta clowna nola uztartu aztertzeko tailer batean. «Argi izan genuen hasieratik ekipoa egin behar genuela».

Bi urteotan herriz herri aritu dira ikastaroak ematen. Adin ertaineko jendeak ematen du izena normalean, 40 urtetik gorako emakumeek. «Gu Anoetara gerturatuko gara eta saio bat egingo dugu bertan. Jendea gustura badago, ez dugu arazorik beste egunen batean berriro gerturatzeko», esan du Egizabalek.

Otsailaren 24an, Anoetako balio anitzeko gelan izango da tailerra, 10:00etatik 13:00etara. Tailerra doakoa da, baina otsailaren 20a da izen emateko azkeneko eguna eta horretarako udaletxera jo beharko da edo mezu bat idatzi parekidetasuna@anoeta.eus helbidera.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!