Lasarbe A-14 eremua urbanizatzen hasteko prestaketekin hasi dira

Ataria 2024ko otsailaren 15a

Eremuan ez da eraikuntzarik egingo epe motzean, ingurua urbanizatu bakarrik egingo dute, 2008.urtean onartutako Hirigintza Planak zehazten duenaren barruan.

2008an onartu zuten Anoetan Lasarbe eremuarentzat Hirigintza Plana. Pixkana, urteen poderioz, Hirigintza Plan hori gauzatzen joan da eta gaur egun Lasarbe 3 eta 4 eraikinak egiten ari dira. Plan horretan, Leku Eder eraikina eta Txulo baserria lotuko lituzkeen bide bat eraikitzea zegoen aurreikusia, baina udalak asmo hori ez gauzatzea erabaki zuen eta bere ordez, aisialdi gune bat eraikitzea. Orain hasi dira Lasarbe eremua urbanizatzen.

Aurreko urte amaieran sinatu zuen Anoetako Udalak Aburuza eraikuntza enpresarekin hitzarmena, eremu horretan aisialdi gune bat egingo zela zehaztuz. Orain hasi dituzten urbanizatze lanak ekidin ezinezkoa lanak direla aipatu du udalak, egin beharrekoak, eta jakinarazi du, gehienez, bost hilabetez luzatuko direla.

Hirigintza Plan horretan Lasarbe eremuan urbanizatze eta etxebizitza gehiago egitea aurreikusten da. Udalak aipatu duenez, ordea, momentu honetan etxebizitzak ez dira lehentasunezkoak: "Gaur gaurkoz ez dugu aurreikusten epe motzean horiek eraikitzerik. Eraikin horiekin hasi aurretik azterketa sakon bat egin behar da Anoetan etxebizitzekin dagoen egoeraren inguruan, eta horri lotuta, erabaki ahalko da zer nolako etxebizitza eta zenbat eraiki behar diren".

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!