Zubigune fundazioak eta Asmoz fundazioak Smart Farming. Optimizatu ura eta hobetu zure produkzioa proiektua aurkeztuko dute otsailaren 6an, 11:30etik 12:30era Gurdi kooperatiban. Ekimenaren nondik norakoak azaltzeko eta parte hartzaileak erakartzeko helburuarekin antolatu dute jardunaldia Anoetan.
Proiektuaren helburua Gipuzkoako lehen sektorean erabiltzen den uraren eraginkortasuna hobetzea da, baita gaiaren inguruko sentsibilizazioa bultzatzea ere. Dagoeneko proiektuan parte hartzea erabaki duten zortzi ekoizpenetan IoT (Internet of Things) sentsoreetan oinarritutako monitorizazio sistema bat ezarriko da, ur kopurua, hezetasuna eta tenperatura neurtzeko. Dispositibo elektroniko txikiak dira, eta horien bidez lortutako datuak, ekoizleak momentuan aukeratutako aparatu elektronikoan jasoko ditu, mugikorrean, tabletan edo ordenagailuan. "Monitorizazioaren bitartez, produkzioarenganako kontrol handiagoa eta lanaren automatizazioa lortuko da kontziliazioa hobetzeko, berrikuntza sustatzeko eta erreferente izan daitezkeen ideiak bultzatzeko", aipatu dute egitasmoaren bultzatzaileek.
Smart Farming proiektuan bi modutara parte hartu ahal izango da: alde batetik, ekoizle moduan parte hartuta eta monitorizazioa erabilita; eta bestetik, sistema honi buruzko ezagutza handitzeko, informazio jardunaldietara edo esplotazioetara antolatutako bisitetara gerturatuta. Horretarako okasioa izango da Anoetako Gurdi kooperatiban otsailaren 6an.
Smart Farming. Optimizatu ura eta hobetu zure produkzioa ekimenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren kofinantziazioa du eta Eskualde Garapenerako Europar Funtsaren programaren barruan kokatuta dago.