Herri sarrerarako aldundiaren proposamena onartu du udalak

Ataria 2024ko urtarrilaren 18a

Herritarrek ez dute zalantzan jarri aldunditik egindako proposamena eta Anoetako Udalak onartzea erabaki du, egoera arriskutsua delako eta ezin delako denbora gehiagoan mantendu. 

Anoetako Udalarentzat lehentasunezkoa da herri sarrerako bidegurutzean sortzen den arazoari irtenbidea ematea. Autobus erabiltzaileentzat zein ibilgailuentzat arriskutsua da gune hori Anoetako Udalaren ustetan. Biribilgune baten aldeko apustu egin izan dute udal arduradunek orain arte, baina errepidearen jabe den aldetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du bideragarri ikusten irtenbide hori. Beharrezko neurketa eta azterketak egin ondoren, beste proposamen bat luzatu diote udalari eta horren inguruko argibideak emateko Anoetan izan ziren aldundiko teknikariak joan den abenduaren 12an.

Asteotan udaletxean egon da proiektuaren inguruko informazio osoa herritarren eskura, baita sare sozialetan eta udaleko webgunean, eta iritzi eta ekarpenak jaso ostean, Anoetako Udalak aldundiaren proposamena onartzea erabaki du nahiz eta bere ustetan ez den egokiena. "Herritarrek emandako iritziek, ordea, ez dute zalantzan jarri proposamena, eta gainera, egoera ezin da denbora gehiagoan bere horretan mantendu", esan dute udal arduradunek.

Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi dio dagoeneko onartu duela proposamena eta prozesua martxan jartzea adostu du. "Aurrerantzean ere proiektuaren gainean egongo gara bere egokitasuna bermatzeko", esan dute Anoetako Udaleko iturriek.

Bitartean informazio gehiago nahi duenak eskuragarri izango du udaletxean.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!