Aukerekin jarraitzen dute Ezkurdia eta Tolosak binakakoan

Ataria 2024ko urtarrilaren 13a

Argazkia: @ASPEpelota

22-7ko emaitzarekin gainditu zuten Elordi-Rezusta bikotea, atzo, Getariako Sahatsaga pilotalekuan, hirugarren puntua eskuratuz.

Binakako pilota txapelketaren barruan beste puntu bat eskuratu dute, hirugarrena, Joseba Ezkurdia arbizuarrak eta Xabier Tolosa anoetarrak. Bikoteak 22 eta 7ko emaitzarekin hartu zituzten atzo mendean Elordi eta Rezusta. 16 tanto egin eta 4 galdu zituzten urdinek eta 3 tanto egin eta 6 galdu, berriz, gorriz zihoazen Elordi eta Rezustak. Aukerekin jarraitzen du bikoteak binakako txapelketan.

Gaur 9. jardunaldiko beste bi partida jokatuko dira 17:15etik aurrera eta eskualdeko pilotariak ariko dira bertan. Markina-Xemeinen Jaka-Mariezkurrena II, Peña II-Eskirozen aurka ariko dira; promoziokoan, bestalde, Zubizarreta III-Ugartemendia eta Senar-Elizegiren arteko pilota partida jokatuko da.

Iruñeko Labriten, berriz, jaialdia abiatzeko Agirre-Iztueta, Larrazabal-Salaverri IIaren aurka ariko dira, eta partida nagusian, Artola eta Imaz, Laso eta Arangurenen aurka. 17:15ean abiatuko da, baita ere, Labriteko jaialdia.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!