Lursailen geolokalizazio proiektua amaitu dute Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2024ko urt. 3a, 12:42

Lursailen neurketa topografikoak eta adostutako mugen erreferentziak eman zitzaizkien lur jabeei abenduaren 20an

2022ko azaroaren 8an eman zioten hasiera Anoetan landa eremuko lursailen geolokalizazio proiektuari eta, urtebeteren ondoren eman diote amaiera. Udalak eskerrak eman dizkie lur jabeei erakutsi duten prestutasunagatik eta mugak identifikatzen egindako lanagatik. Abenduaren 20an Mikelasagasti auditorioan egin zuten bilera lur jabeekin eta bakoitzari bere lursailen neurketa topografikoak eta adostutako mugen erreferentziak eman zitzaizkion.

Urtebeteko prozesuan, Anoetako lur jabeen %80ak hartu du parte eta lursailen %97,5a mugatu da. Mugaketa hauek egiteko 1.282 puntu neurtu eta tartean, 421 mugarri geolokalizatu direla jakinarazi du udalak. «Lan handia izan bada ere, neurri handi batean, adinekoengan zegoen ezagutza bildu da eta belaunaldien arteko zubi-lana egiteko ere baliogarri izan dela uste dugu», esan dute udal ordezkariek.

Geograma enpresak egin ditu neurketa lanak. Udalak 48.000 euroko inbertsioa egin du egitasmoa gauzatzeko eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren 10.000 euroko diru laguntza izan du.

«Lurraldearen kudeaketa eta erabilerarako lehen pausuetakoa ezagutza da eta uste dugu lan honek horretan lagundu duela», esan dute udal arduradunek. Abenduaren 20ko deialdira joan ez ziren lur jabeek udaletxean jaso ahal izango dituzten beren karpetak hurrengo egun eta asteetan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!