Gobernu planean 60 neurri zehatz aurkeztu ditu udalak

Jon Miranda Labaien 2023ko abe. 6a, 11:58

Anoetako Udalak «gardentasuna eta parte hartzea» ardatz dituen lau urteotarako plangintza aurkeztu du herritarren aurrean

Anoetako udal gobernuak 2023-2027 agintaldiko gobernu plana aurkeztu du. Anoetarren ongizatea iparrorratz bezala hartuta, herri inklusiboago eta parte hartzaileago bat bultzatzeko neurriak dira Egoitz Luisa alkatearen hitzetan. Azaroaren 29an aurkeztu zuten jendaurrean eta egunotan banatuko dute gobernu plana etxez etxe.

EH Bilduk udal hauteskundeetara aurkeztutako herri programan jasotakoak oinarri hartuta, udalean eman dituzten lehen hilabeteak baliatu dituzte zinegotziek gobernu plana osatzeko. «Udal barruko egoera begiratu, denborak zehaztu eta lehentasunak markatu ditugu. Informazio guztia antolatu eta buruan daukagun herri proiektua 60 neurri zehatzetara ekarri dugu», esan du alkateak.

Dokumentuak norabide bat markatzen du udal ordezkarien ustetan eta lau urteetan eramango duten filosofia eta lan egiteko eredua zehazten ditu. «Badakigu ezinbestean dinamikoa izango dela, egunerokotasunak eta egingo dugun ibilbideak sortuko dizkigula behar berriak. Herriko eragileekin ere harremana estutu nahi dugu eta haien eskaerei erantzun beharko diegu», aipatu du Luisak.

Gardentasuna eta herritarren parte hartzea dira gobernu planaren ardatza. Bost multzotan sailkatu dituzte neurriak eta horiei beste atal bat erantsi diote, udala izenekoa: «Herritarrekiko harremana indartu nahi dugu. Udalak gertuko instituzio bat izan behar du, eta aurrez aurrekoa baztertu gabe, bidea erraztu nahi diegu herritarrei, besteak beste, tramiteak egiteko baliabide telematikoak jarri nahi ditugu». Hauek dira gobernu planean jaso dituzten gainerako bost atalak:

ANOETA BIZI ETA EUSKALDUNA

Udal ordezkarien ustetan Anoeta herri dinamikoa eta bizia da. Herriko talde eta eragileek dinamika dezente dauzkate martxan eta eskaintza kulturala handia da. Luisak uste du, udalak babesa eta baliabideak eskaini behar dizkiela herriko talde eta eragileei. «Aktibo izan nahi dugu horretan». Hain zuzen, atal honetan bildutako neurrietako batek dio, herriko talde eta eragileen arteko harremanak indartzeko web orri konpartitu bat sortuko dutela hemendik gutxira.

Bestalde, bai udal barneko zein kanpoko euskararen erabilera indartzeko, herriko beste taldeekin batera lan egingo du udal gobernuak. UEMArekin eta Anoetako Herri Ikastolarekin elkarlana bultzatuko du eta 2024ean abiatuko du udaleko Euskara Plana berritzeko zeregina.

HERRIA ERABERRITZEN

Hirigintza arloko proiektuak aipatu dituzte atal honetan eta egitasmo bakoitzean zeharkako begirada jartzen saiatu direla aipatu du alkateak: «Zorionez hirigintza ulertzeko modua aldatu egin da. Ingurumena edota hezkuntza bezalako irizpideak hartzen dira kontuan obra bati ekin aurretik». Arlo honetan bezala, gobernu plan osoan jaso dituzten neurriak modu transbertsalean landu dituztela aipatu du Luisak.

«Proiektu batzuk estrategikoak dira eta lanketa handiagoa eskatzen dute, eta beste batzuk, izan arriskua suposatzen dutelako edo beste arrazoiren batengatik epe motzean egin beharrekoak dira. Denak dira garrantzitsuak herritarren ongizatea bilatu nahi badugu». Testuinguru horretan, nahiz eta udalaren eskumenekoak ez izan, Anoetako herri sarrerako ingurunea eta tren geltokia aipatu ditu alkateak. Datozen asteetan bai aldundiak bai Adif-ek proposatu dituzten proiektuak aztertuko ditu udalak herritarrekin batera. «Saiatuko gara herriarentzat irtenbide aproposena adosten erakunde horiekin», aipatu du Luisak.

Hirigintza arloan, zaharkituta dauden auzoen eraberritzeari eutsiko diote, aurreko legealditik datorren egitasmoa gauzatuz. Isasti, Hozpel, Etxaburu eta Errotaldea auzoan egingo dituzte lanak. Idiakaitz auzoan ere badute asmoa, baina soluzio integral bat bilatu nahi diote ingurune horri: «Aurki Zelaietan beste obra bat egiten hasiko dira eta Modestoene inguruak ere txukunketa behar du. Auzo osoari ikuspegi orokorretik begiratuta heldu nahi genioke».

ANOETA HEZITZAILEA

Modestoenea etxearen inguruan fisikoki egin behar diren moldaketekin batera, bestelako azterketa bat ere egin nahi du udalak. «Herriaren kohesiorako izan zuen garrantzia ikusita eta eraikina zertarako baliatu nahi dugun erabaki aurretik, dokumentazio lan bat egin nahi genuke Modestoeneak herrian suposatu duenari balorea emateko».

Bide batez, hezkuntza arautuan bezala, hezkuntza ez arautuan ere neurri batzuk aurreikusi dituzte gobernu planean. «Haur eta nerabeen hezkuntza ez da ikastetxean amaitzen, kalean jarraitzen du eta udaletik antolatzen diren ekimenek zuzenean eragiten dute horretan. Oinherrirekin elkarlanean, herri hezitzaileen filosofian sakondu eta begirada horrekin umeen parte hartzea sustatu eta haiekin elkarlanean arituko gara». Dagoeneko Lasarbeko aisialdi gunean egina dute esperientzia eta proiektua epe motzera gauzatzeko asmoa jaso dute planeko neurrietako batean.

HERRITARRAK ZAINDUZ

Hain zuzen, haur, gazte zein pertsona helduei, bertakoei eta bertaratutakoei bideratutakoak dira gobernu planean bildutako proiektuak. Alde horretatik zaintzari garrantzi handia emango diote lau urteotan eta herriko zaintza sistemaren diagnostikoa egingo dute herrian, mugimendu feministak egindako eskaerari erantzunez.

Gainera, atal honetan jaso dutenez, nerabeen prebentziorako zerbitzua jarriko dute martxan Irurarekin batera. «Begiraleen bidez nerabeen artean ematen diren egoerak aztertuz prebentzio eta identifikatze lanak egitea da helburua», esan du alkateak.

BERTAKOA BERTATIK

Lau urtetarako plana izan arren, udal gobernuko kideek badakite orain hartutako erabakiek eragina izango dutela datozen 30 urteei begira. «Horregatik arduratsuak izan behar dugu, besteak beste ingurunearekin. Hondakin bilketa eta tratamendu sistema egokituko dugu, nahiz eta Anoetako birziklatze tasa oso ona den, %80tik gorakoa. Uste dugu oraindik ere badugula hobetzeko marjina». Energiaren alorrean ere emango dituzte urratsak eta lehenengo sektorearekin ariko dira orpoz orpo. Tokiko kontsumoa bultzatzeko bonu kanpaina bat egitea jaso dute neurrien artean.

Orain aurkeztu duten gobernu planarean balorazio publikoa egitea aurreikusi dute 60 puntuetako azkenekoan: «Lau urteotan, modu batera edo bestera, herritarrak jakinaren gainean jarriko ditugu eta egitasmo bakoitza nola doan ezagutu ahal izango dute lehen eskutik. Baina neurgarria den plan bat da eta legealdi amaieran ikusi nahi genuke zenbateraino bete dugun aurreikusitakoa». Bidean oztopoak sortzen badira gardentasunez horien berri emateko prestutasuna agertu du udal taldeak. Aitortu du alkateak plan «anbiziotsua» dela, baino argi adierazi du talde sendoa duela aldamenean, lanerako konpromisoa duena. «Anoetaren alde gure hoberena emateko prest gaude».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!