Anoetako Udalak gobernu plana aurkeztuko du azaroaren 29an

Ataria 2023ko azaroaren 24a

Lau urteetarako plangintza diseinatzerakoan herritarrekin elkarlanean aritzea jarri dute lehentasun gisa, udal ordezkarien ustetan herritarren ongizatean eta bizi-kalitatean sakontzeko modua baita hori. Udaletxean egingo dute aurkezpena, asteazkenean, 19:00etan.

Anoetako udal gobernua lau urteetarako gobernu plana prestatzen ari da eta azaroaren 29an aurkeztuko du herritarren aurrean. Egoitz Luisa alkateak adierazi duenez, herritarren bizi-kalitatea hobetzea da planaren helburua; "hori da udal gobernuaren lehentasun nagusia", esan du.

Alkatearen esanetan, udal gobernuak badu herritarren beharren ezagutza zehatza eta badaki nola egin behar duen lau urteotan: "Guretzat funtsezkoa da herritarrekin batera elkarlanean aritzea, horrela ulertzen baitugu egin behar dela herrigintza, horrela asmatuko baitugu ongizatean sakontzen".

Luisaren iritziz, udal gobernuak baditu ideiak eta baditu proiektu garrantzitsuak esku artean eta horiek guztiak islatuko dituzte gobernu planean. "Jasoko diren neurriek herriguneari nahiz landa eremuari eragingo diete, haur, gazte zein pertsona helduei, bertakoei eta bertaratutakoei. Ekonomia arlokoak izango dira neurri batzuk, hirigintzarekin lotutakoak beste batzuk, garbitasuna kontuan hartuko da, aisialdia, nagusien beharrak, euskara, genero politikak, feminismoa, ingurumena...".

Gobernu plana orain argitara emango den arren, alkateak nabarmendu du ekainean gobernu ardura hartu zutenetik lanean aritu direla, eta besteak beste, farmazia elkargoarekin hitzarmena sinatu dutela etxez-etxeko laguntza zerbitzuko erabiltzaileen eta gizarte zerbitzuek artatutako pertsonen artean botiken erabilera optimizatzeko programa garatzeko. Era berean, kiroldegian hainbat doikuntza egin dituzte eta Lasarbeko errekan babes hesia jarri dute. Irakin proiektuarekin ere hitzarmena sinatu dute herritarrei sukaldaritza ikastaroak eskaintzeko eta egoera zaurgarrienean dagoenari laguntzeko, larrialdietarako udal etxebizitzaren erabilera aratu dute.

Anoetako udaletxean egingo dute aurkezpena, asteazkenean, 19:00etan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!