ELKARRIZKETA

«Berdin du igaroko den denbora, betirako izango den lana da»

Leyre Carrasco 2023ko urr. 14a, 07:59

Xabi Zubeldia musikaria. L. CARRASCO

Gitarrarekin inprobisatzen sortzen ditu abestiak Xabi Zubeldia musikari eta abeslari anoetarrak. Bakarlari moduan ariko da hemendik aurrera, eta laster kaleratuko du bere lehen lana.

 

Nera taldearekin eman zituen lehen pausoak musikari moduan, eta orain, bakarlari bezala abiatu du ibilbidea Xabi Zubeldiak (Anoeta, 1999). Xabi izeneko proiektu berrian bere burua sakonago ezagutzeko aukera eskaintzen du anoetarrak. Izan ere, hitzen eta doinuen bitartez bere bizipen pertsonalen kontaketa egingo du. Diskoa argitaratzea du hurrengo pausoa, eta horretarako data zehatzik ez izan arren, honen bi aurrerapen kantu kaleratu berri ditu abeslariak: Zaila izango da eta Hegoalde aldetik.

Zein ikasketa dituzu?

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz, Pedagogia Terapeutiko (PT) espezialitatearekin. Beraz, hezkuntza munduan nabil lanean.

Nondik datorkizu musika munduarekin duzun lotura?

Egia esan, musika munduan ez dut inolako ikasketarik. Duela zazpi edo zortzi urte gitarra ikasten hasi nintzen, eta pare bat urteetan soilik jaso izan ditut klaseak. Gainontzeko urteetan nire kabuz ibili naiz gitarra ikasten.

Noiz hasi zinen abesten?

Gitarra ikasten hasi nintzenean ez nion zentzurik ikusten gitarra jo eta ez abesteari. Beraz, pixkanaka-pixkanaka ezkutuan hasi nintzen abesten. Hasiera batean izugarrizko lotsa ematen zidan jendeak abesten entzutea, baina gerora lotsa hori kentzen hasi eta familia eta lagunen aurrean hasi nintzen abesten.

Beraiek izan ziren zure bideoak sare sozialetan partekatzera animatu zintuztenak?

Bai, izan ere, gertukoek beti esan izan zidaten nire lana sare sozialetan partekatu behar nuela, gauza oso politak sortzen ditudalako. Eta, azkenean, hori egin genuen. Nire lehen bideoa partekatzea erabaki nuen, eta jarraian gainontzeko bideo guztiak etorri ziren.



Sare sozialetan partekatu dituzun bideoetan gitarra izan duzu lagun. Beste instrumenturik jotzen duzu?

Ez, baina ikastea gustatuko litzaidake. Pianoa nire kabuz ikasten nabil, klaseetara edo formakuntzarik jaso gabe. Izan ere, lagun bat ari zait horretan laguntzen.

Noiz erabaki zenuen zure lehen abestia sortzea?

Xabi proiektu berria da eta honen aurretik Nera proiektua nuen. Iñaki Mujika asteasuarra eta Txomin Urdanpilleta anoetarrarekin batera osatutako taldea zen Nera, eta azkenean, ezin izan genuen aurrera atera. Ni talde horretako abeslaria izan nintzen, baita konpositorea ere, nik sortu bainituen abestiak. Hala ere, duela urte asko ari naiz abestiak idazten, horren aurretik hasi nintzen. Nire bizipen pertsonalen inguruan idaztea gustatzen zait, eta ondoren, horiek guztiak abestietan plasmatzen ditut. Horiek ekoiztea izango litzeke nire azken helburua.

Musikari moduan, zein asmo duzu? Diskoa, agian?

Bai, zalantzarik gabe. Nire lehen diskoa grabatuta dut dagoeneko, baina ez du oraindik data zehatzik. Izan ere, azken ukituak ematen ari gara; portadari, liburuxkari eta beste elementu batzuei. Nire lehen lan pertsonala da, eta lan txukun eta on bat egin nahi dut, horregatik, pazientziarekin ari gara hartzen. Hala ere, urri amaieran edo azaro hasieran kaleratzeko asmoa dut.

Badu izena?

Izena jarri genion, baina berehala aldatu genuen. Hor gabiltza. Asko gustatzen zaizkigun pare bat aukera ditugu eskuartean. Oraindik ez dugu ezer erabaki, baina horrekin bueltaka gabiltza.



Non grabatu duzu?

Mutrikuko Ame estudioetan grabatu dut, Alde Zaharrean dagoen estudio polit-polit baten, Axular Arizmendi musikari eta ekoizle mutrikuarrarekin batera, gizon oso ona. Nire ideia aipatu nion, zein musika estilo izatea nahi nuen, baita nire kantuetan sartu nahi nituen instrumentuak ere. Prozesu osoan zehar izan dut bere laguntza, hasiera-hasieratik. Gainera, aholku pila bat eman dizkit eta horien arabera diskoa osatzen joan gara. Pozik nago emaitzarekin, oso disko polita geratu da.

Zein estilo du?

Ez dakit estilo bakar batean definituko nukeen. Azkenean, nire erreferenteak askotarikoak dira, musika estilo oso desberdinak entzuten baititut. Alde batetik, disko honetan pop-rock estiloa entzungo da gehien, bateriak, baxuak, gitarrak eta pianoak presentzia izugarria izango baitute. Baina, aldi berean, abesti akustikoak ere entzun ahal izango dira, lasaiagoak, gitarra eta pianoarekin soilik grabatutakoak. Beraz, musika estilo ugari izango dituen diskoa izango da.

Bakarlari moduan arituko zara, baina diskoan instrumentu gehiago entzun ahalko ditugu. Zeinen laguntza izan duzu?

Proiektua nirea soilik izango zela garbi nuen, baina abestiak grabatzeko banda baten beharra nuen eta horretako lantalde bat. Zentzu horretan zorte handia izan dudala uste dut; izan ere, lagun musikari ugari ditut inguruan eta horien laguntza izan dut. Batzuei idatzi nien, tartean, Aitor Amonarriz billabonatarrari, nirekin Nera taldean aritu zen Iñaki Mujika asteasuarrari eta Ivan Requejo anoetarrari. Nire proiektua azaldu nien eta lehen unetik denen prestutasuna izan dut.

Aurrerapen batzuk entzuteko aukera izan dugu; argitaratu berri duzun 'Zaila izango da' abestia, adibidez. Zergatik aukeratu duzu abesti hori lehen aurrerapen kantu gisa? Zerbait berezia du?

Behin abesti guztiak bukatuta neuzkala, estudioan entzun genituen lasai-lasai eta banaka. Abesti guztiak sakon aztertu genituen, publikoarekin izango nuen lehen kontaktu horretarako. Gauza bat bakarrik neukan garbi, kaleratzen nuen lehen abestiak indartsua izan behar zuela, jendea harrapatzeko eta entzuleek diskoa nondik joango den jakin zezaten. Aukera guztiak aztertu ostean, Zaila izango da abestia aukeratu genuen.

 

«Ez dira maitasun kontuak, eskerrak emateko moduko abestiak baizik»



Bigarren kantua ere kaleratu duzu, 'Hegoalde aldetik'. Lehen abestiarekin alderatuta, lasaiagoa, ezta?

Bai, hori da. Zortea izan dut bertan idatzi eta plasmatutako guztia bizitu izan dudalako; alegia, nire esperientzia pertsonalen inguruan aritzen naiz kantu bakoitzean. Ez dira maitasun kontuak, eskerrak emateko moduko abestiak baizik. Esaterako, behin argitaratuta hor geratuko da, eta berdin du igaroko den denbora, betirako izango den lana da. Beraz, lan polita egin nahi nuen, eta uste dut hori lortzeko oso lantalde ona aukeratu dudala.

 

«Lan polita egin nahi nuen, eta uste dut hori lortzeko oso lantalde ona aukeratu dudala»

 

Nolako harrera izan dute lehen bi abestiek?

Egia esan, oso pozik nago, bai familia aldetik, bikote, lagun eta bikotearen familiaren aldetik ere. Ez nuen espero hainbesteko harrera ona izango zuenik, eta oso-oso pozik nago. Ez naiz zenbakiak begiratzekoa, baina egin dugun lanak sentsazio ona ematen dit.

Non entzun daitezke?

Plataforma ezberdinetan. Esaterako, nire Youtubeko kanalean (@xabizubeldia) edo Spotifyko kontuan (Xabi). Horrez gain, Instagram plataforman dudan kontuan (@xabi.zubeldia) informazio guztia zabaltzen joango naiz.

Pasio hau etorkizuneko ofizio izan daiteke?

Nork daki. Oraintxe bertan musika hobby bat bezala dudan zerbait da. Alegia, barruan ditudan gauzak ateratzeko eta askatzeko modua dut. Lehen aipatu bezala, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako irakaslea naiz, horretan nabil lanean. Beraz, etorkizun batean ere lanean horretan jarraitzea espero dut. Hala ere, musika nire ofizioarekin alderatzeko aukera izango banu eta honekin dirua irabazteko aukera izango banu, ezin hobe. Aurrera.

Zein beste proiektu dituzu eskuartean?

Hasteko, Xabi proiektua, eta bestetik, laster kaleratuko dudan disko berria ahalik eta gehien promozionatzea izango litzake, beste zerbaitekin hasi baino lehen. Kaleratutako bi abesti hauek ahalik eta gehien zabaldu nahi ditut, baita datorren diskoa ere. Ahal bada eskualdetik harago, Euskal Herri osoan zehar. Zuzenekoak ez ditut baztertzen. Herriz herri nire musika abestea proiektu oso polita eta interesgarria iruditzen zait, etorkizun baterako. Bigarren diskoa, berriz, ikusiko da. Abestiak badaude, eta gehiago sortzen joango naiz. Une honetan, lehen lan honen prozesu guztiaz disfrutatzeko asmoa dut eta datorrena datorrela.

Zerbait gehiago gehitu nahiko zenuke?

Bai, nirekin diskoa grabatu duten hiru lagunei Aitor Amonarriz, Iñaki Mujika eta Ivan Requejo eskerrak eman nahiko nizkieke, baita Axular Arizmendi Ame estudioko ekoizleari ere. Bi abestiak entzun eta zabaldu dituzten guztiei, nire proiektua eta nik egiten dudana gustuko duten guztiei, eta babesten nauten horiei guztiei ere. Izan ere, orain ikasi dut ez dela erraza proiektu bat zerotik hastea, eta hau Tolosa mailan zabaltzen ari den bezala zabaltzea. Hemendik aurrera espero dut Euskal Herri mailan ere berdin zabaltzea. Horiei denei eskerrak eman nahi dizkiet eta espero dut nire lehen lanarekin disfrutatzea.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!