Banatuta al dauzkazue ardurak udal taldean?
Taldeko kide gehienak berriak gara udal barruko lanetan, baina herriaren ezagutza handia dugu, herriko eragileen funtzionatzeko modua ezaguna dugu. Horrek asko lagundu gaitu lur hartzen. Uste dut udal hauteskundeetan aurreko agintalditan egin den lana eskertu dutela herritarrek. Saritu egin du jendeak gertutasun hori eta bide beretik jarraitzeko asmoa dugu. Ni jardun osoz liberatuta egongo naiz eta %25eko liberazioa izango du Ana Elosegi alkateordeak. Nire eskutatik pasa gabe berak bideratuko ditu hainbat gai, gehienbat kulturarekin zerikusia dutenak. Anoeta oso herri aktiboa da sozialki eta kulturalki eta iruditzen zaigu arlo horri dedikazio bat eskaini behar zitzaiola udal gobernutik.
Parte hartuko al duzue eskualde mailako erakundeen zuzendaritza taldeetan?
Lan banaketak egin dira eta Tolosaldeko Mankomunitateko zuzendaritza taldean arituko naiz ni. Beste erakundeetan ere parte hartuko dugu, ikusten baitugu garrantzia handia duela eskualde mailako egiturak indartzeak. Herri txiki asko gara Tolosaldean eta elkarren indarrak elkartu behar ditugu proiektuak aurrera ateratzeko. Txapel amankomun bat jartzea beharrezkoa dugu eta udal talde honetan herriaz gaindiko harreman horietan sinesten dugu.
Zein sentsazio udalera iritsi berritan?
Makinaria handia da udalekoa. Etxe handi bat. Hona etortzen diren beharrak, kexak eta eskaerak askotarikoak dira. 2.000 biztanle gara eta espero ez ditugun gauza askorekin egiten dugu topo egunerokoan. Horiei erantzun ahal izateko ezinbestekoa da hemen dugun teknikari eta langileen arteko koordinazioak eta engranajeak ondo funtzionatzea. Guzti horretan ez dugu sakondu orain arte, baina buelta bat emango diogu gai horri herritarrei zerbitzu egokiagoa emateko.
Aurreko agintaldian herriko zenbait auzo eraberritzeari ekin zitzaion. Lan horiei jarraipena emango diezue urte hauetan?
Oinordetzan jaso ditugun proiektuak dira eta guri lan horiek egikaritzea egokituko zaigu. Hozpel, Isasti, Etxaburu eta Errotaldea auzoak eraberritzeko aurrekontuak nondik atera pentsatu eta laguntzak eskatu beharko ditugu. Lan horiek zein epetan eta nola egin zehaztu beharko dugu. Ezinbestekoa iruditzen zaigu kontrapisua egitea eta herrian egiten ari diren auzune berri horien ondoan, beste hauek ere zaintzea. Ulertzen dugu irtenbide bat eman behar zaiela auzo zaharragoei, azkeneko 20-30 urteetan ongizatea ulertzeko moduak zorionez aldatu egin direlako; gaur egun hirigintza gehiago lotzen da ingurugiroarekin, aisialdiarekin eta baita hezkuntzarekin ere. Kutsu hori eman nahi genieke auzo horiei, nahiz eta garai bateko konfigurazioa dutenez, ez den lan erraza izango. Alde horretatik, irisgarritasun eta aparkalekuak dira gune horietan dauden arazorik handienak, baina ahal den neurrian irizpide horiek eta filosofia hori txertatzen saiatuko gara auzo zaharragoetan.
Hirigintza arloan zein beste egitasmo duzue esku artean?
Aisialdi gunea da hirigintza arloko beste proiektu garrantzitsua. Aurreko legealdian egin zen parte hartze prozesuarekin, diseinatutako proiektua aldatu eta errepiderik egin gabe, ingurune hori aisialdi gune bat egiteko erabiltzea adostu zen. Plazatik hasi eta ikastolaraino umeentzako bide seguru bat markatuko litzateke modu horretara. Arnasgune bat izango da herriarentzat, patxada emango diona.
Beste egitasmo garrantzitsua da Moxtone deitzen diogun eraikina. Iaz ekonomikoki ahalegin handia egin zuen udalak eraikina erosteko eta orain eraikinari zein erabilera eman erabaki beharko dugu. Eraberritze fasea bi arlotan aurreikusten dugu: aurrena, eraikina bera egokitu eta baldintza egokitan jarriko dugu; eta gero, etxe horrek izango duen funtzioaren inguruan hausnartuko dugu herritarrekin. Historikoki funtzio sozial garrantzitsua izan zuen Moxtonek eta horren inguruko azterketa sakona egin beharko litzatekeela uste dut. Anoetan azpimarra jartzen dugu belaunaldien arteko transmisioan eta norabide horretan eraikin horrek zer esana izan dezakeela uste dugu.
Etxebizitza arloan egitasmo berririk ba al du udalak?
Aurreko udal taldeak egin zuen etxebizitza beharraren inguruko azterketa bat eta txosten batean jasoa dago. Ikusten dugu gai honi heldu egin behar diogula. Anoeta herri bizia eta dinamikoa izatea guretzako altxorra da eta horretarako funtsezkoa da bertako gazteak bertan geratzea. Ikusiko dugu aurrea begira gai ote garen dauzkagun erremintak asmo horretara egokitzeko.
Epe motzera etxebizitza gehiago egiteko asmoa badago herrian?
Etxebizitza libreak dira orain herrian egiten ari diren azkenak eta horietan udalak ez du esku hartzerik. Dena den, kontziente gara Anoeta muga batzuetara iristen ari dela. Guri badagokigu markatzea herriaren bilakaera. Gure erronkak izan behar du bertako gazteen beharretara egokitutakoa eta bilakaera norabide horretan diseinatu beharko dugu. Alokairu soziala sakondu beharrekoa dela iruditzen zaigu eta herriko gazteak bertan gera daitezen hori izan beharko litzateke jorratu beharreko bidea. Haiei egokitutako etxebizitzak izan beharko lukete.
Kezka baduzue energia kontsumoaren inguruan?
Bai. Iaz abiatutako bidetik, udal eraikinen efizientzia energetikoa aztertuko dugu. Udaletxean dagoeneko egina dago azterketa eta efizientzia hori hobetzeko lanak laster hasi asmo ditugu. Energia da arlo garrantzitsu bat non eragin nahi dugun. Uste dut kontsumo eta energia sorreraren arteko aldeaz hausnartu eta herri estrategia bat diseinatu behar dugula guztion artean. Energia mahai bat sortu eta bertan komunitate energetiko bat sortzeko aukera ote dagoen aztertu nahi dugu agintaldi honetan.
Gizarte arloko arazo berezirik sumatzen al duzue?
Gizarte Zerbitzuetako langilearen lanaldia igo egin zen aurreko agintaldian horretarako beharra ikusten zelako. Gure lehentasuna herritarren ongizatea bermatzea da eta horregatik baliabide ekonomikoz eta humanoz hornitu behar dugu sail hori. Gainera lanketa hau elkarlanean ari gara egiten ikastolarekin, gaztelekuarekin eta Irurako Udalarekin. Geroz eta anitzagoa da gizarte zerbitzuetara gerturatzen direnen profila. Irurako herriarekin batera proiektu bat martxan jartzera goaz nerabeekin lanketa egiteko. Kale hezitzaileekin batera zein behar dauden aztertu nahi dugu, katramila sortu aurretik arazoa atzeman eta neurriak hartzeko.
Herria bizi mantentzeko zein neurri hartzeko asmoa duzue lau urteotan?
Kezkaz ikusten dugu herriko komertzio txikien itxiera. Zerbitzu horien gainbeherak kezkatzen gaitu. Udal bezala horri aurre egiteko dauzkagun baliabideak oso mugatuak dira, baina iruditzen zaigu horren inguruko hausnarketa egin behar dugula eta gure herri proiektuan txertatuta egon behar duela. Zerbitzu sare autosufiziente bat edukitzea garrantzitsua da, zeren katebegi horietako bat eteten bada, kate guztia ahultzen da. Jendea beste tokietara erosketak egiterakoan erosotasuna bilatzen du, eta erosotasunaren izenean beste gauza asko galtzen ditu: gertutasuna, jendearekin harremanak izatea, komunitatearen izaera hori... Herritarrak behintzat horren inguruan kontzientziatu nahi ditugu, jakin dezagun zeren truke zer ari garen galtzen. Gu lehentasunak markatzeko gaude, herri eredu baten aldeko pausoak emateko, eta norabide horretan, adibidez, Irakin proiektuaren aldeko apustua egiten dugu. Iruditzen zaigu bertako produktuak eta garaikoak bultzatu eta sukaldaritza osasuntsuaren alde egiteko ezinbesteko proiektua dela. Aurreko ikasturtean umeentzako ikastaroak egiten hasi ziren bertan eta oso arrakastatsuak izan ziren. Uste dugu ohikoa den aisialdi eredutik apartekoa dela bertan bultzatzen dena, umeen artean askotan sustatzen den lehiakortasunetik bestelakoa. Sozialki indargune bat dira ikastaroak, osasuntsu sukaldean aritzen ikasteko, nekazariekin harremana edukitzeko, hitz batean, ahalduntzeko interesgarriak dira.
Zein izango da zuen gobernantza eredua?
Udaleko ateak zabaldu, herritarrekin egon, haiei entzun eta galdetu nahi genieke. Badugu lan bat egiteko arlo horretan. Garrantzia eman nahi diogu parte hartzeari. Ez ditugu herritarrentzako politikak egin nahi, herritarrekin batera egin nahi ditugu. Jendearen ahalduntze bat, saretze bat bultzatu nahi dugu eta udala hor egongo da lankidetzan. Gerturatze hori egitea badagokigu, herrigintzako jardunetik gatoz eta herrigintzari zor diogu hemen egiten dugun lana. Balore batzuk gainbehera datoz eta horri aurre egin nahi genioke. Udazken honetan herriko eragile eta talde guztiekin jarriko gara harremanetan, den denak pasako ditugu. Aurrera begira asmoa dugu eragile guztiak batuko dituen gune bat sortzeko. Alde horretatik gogotsu gaude, udal taldea indartsua da, sendoa eta ekarpena egiteko gogoarekin datorrena. Asko baloratzen dut hori.