Festa erlearen bueltan

Leyre Carrasco 2023ko urr. 8a, 14:29

XVI. Euskal Jaiak ari dira ospatzen Anoetan, eta erlezainen lana balioetsi dute aurtengoan. Herriko artisau eta baserritarrek hartu dute plaza, eta eguerdian ardo dastaketa ere egin dute.

Euskal nortasuna hauspotu, jakintza eta tradizioak ezagutarazi eta herriko baserritarrei plaza eskaintzeko eguna ospatzen ari dira Anoetan. Euskal Jaietako hamaseigarren edizioa dute aurtengoa, eta bigarren urtetik gai nagusi bat hartzen dute urtero aitzaki. Aurten, erleen inguruko lanketa jarri dute azpimarra eta horren inguruan antolatu dute festa.

Goizean goizetik 28 postu inguruk hartu dute herriko plaza; Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako baserrietako produktu freskoak eta artisautza postuak izan dira bertan. Horrez gain, Irakineko kideek krep tailerra antolatu dute azokan bertan, eta Balerdipeko Erleak proiektuko kideek, berriz, kandela tailerra egin dute. Ekitaldi nagusia bukatu ostean, ardo dastaketari ekin diote plazako estalpean. Aurten, lehen aldiz, Nafarroako Mendiko upategiko ardo ekologikoa dastatzeko aukera izan da, txorizo egosi pintxoekin batera.

Baserritarren lana bistaratzeaz gainera, euskal nortasuna aldarrikatzeko helburua ere badu Euskal Jaiak. Horregatik, antolatzaileek urtero eskatu bezala, festarekin bat eginez herritar ugari baserritarrez jantzita gerturatu da azokara.

Bazkariaren osteko festa

Urteroko moduan, txekor jatea izan dute eguerdian pilotalekuan, eta 230 lagunek eman dute izena aurtengoan. Arratsaldean ere festak ez du etenik izango eta 18:00etan herri kirol desafioa izango dute ikusgai; Julen Gabirondo eta Jokin Urretabizkaia aizkolariak izango dira batetik, eta Udane Ostolaza eta Ane Zinkunegi harri jasotzaileak bestetik. Eguna amaitzeko Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria egingo dute. Bitarte horretan, Anoetako talogileek egindako taloak dastatzeko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!