Erlezainen lana balioetsiko dute aurtengo Euskal Jaian

Jon Miranda Labaien 2023ko urr. 4a, 07:59

Euskal Jai batzordeko kideek astebururako antolatu dituzten ekitaldiak aurkeztu zituzten astelehenean, herriko plazan.

Igandean egingo dute herriko artisau eta baserritarren azoka, baina bezperatik hasiko da jaia; ardo dastaketa egingo dute igande eguerdian.

Asteburuan XVI. Euskal Jaia ospatuko dute Anoetan, erlearen eta erletik eratorritako produktuen bueltan. Euskal Jai batzordeko kideek erleek eta erlezainek egiten duten lana balioetsi nahi izan dute, gizakion eta lurraren arteko orekan egiten duten ezinbesteko lanagatik. Larunbatean egingo dituzte lehenengo ekitaldiak eta igandean izango da azoka eguna.

«Jaten ditugun elikagaien hiru laurdenek behar dute intsektuek egindako polinizazioa eta polinizazioaren %80a erleek egiten dute», esan dute Euskal Jaiaren antolatzaileek. Aldi berean, gogoan izan dituzte erlezainek gaur egun dituzten hainbat erronka: «Nekazaritzan erabiltzen diren pestizidek pozoitu egiten dituzte erleak; liztor asiarrek jan egiten dituzte; eta klima larrialdiaren ondorioz bero kolpeek eta lehorteek kalte handia egiten diete». 

Horregatik erleen inguruko lanketa Euskal Jaiaren erdigunera ekarriko dute aurten. Larunbatean, 12:30ean, adibidez, Balerdipeko Erleak egitasmoko kideek sukaldaritza erakustaldia egingo dute.  «Garaiko produktuak eta erleek ekoitzitakoak gehituta hiru plater ezberdinen elaborazio erakustaldia egingo dute», esan dute batzordeko kideek. Ondoren egindako platerak dastatzeko aukera izango da pintxo moduan. Erakustaldian parte hartu nahi dutenek gaur dute izena emateko azkeneko eguna, 627 84 41 98 telefono zenbakira idatzita. Larunbateko ekitaldiak amaitzeko 20:00etan La Jodedera taldeak kontzertua eskainiko du Anoetako plazan. 


Igandean egingo dute Euskal Jaiaren barruko ekitaldi nagusia. Baserritarren eta artisauek azoka izango da herriko plazan. Ekoizpen ekologikoa ardatz hartuta antolatu dute aurtengo edizioa, beti bezala garaiko eta gertuko ekoizpenean azpimarra eginda. Herriko baserriak presente egongo dira igandeko azokan. Orotara 28 postu egongo dira jarrita plazaren bueltan, eta Anoeta bertako ekoizleekin batera, Euskal Herriko herrialde ezberdinetakoak egongo dira ordezkatuta. 

Eguerdian egingo dute Euskal Jaiaren barruko ekitaldi nagusia eta antolatzaileek iragarri dutenez, aldarrikapenez josia etorriko da urtero bezala. Herritarrei baserritarrez jantzita joateko eta erosketak egiteko poltsa etxetik eramateko deia egin diete. Ekitaldia bukatu eta berehala, ardo dastaketa egingo dute. Nafarroako Mendiko upategiko ardo ekologikoa dastatzeko aukera izango da plazako estalpean.

Azokaren inguruan berritasunak izango direla ere esan dute antolatzaileek. Haur jolasak izango dira plaza gorrian eta Irakineko kideek krep tailerra antolatuko dute. Balerdipeko Erleak proiektuko kideek, berriz, kandela tailerra egingo dute. Gaur da tailer horretan izena emateko azken eguna eta parte hartu nahi dutenek liburutegira jo beharko dute.


Aldarrikapena eta jaia
Goizekoak bukatzeko, Anoetako frontoian herri bazkaria antolatu dute. Aurreko ostegun eta ostiralean saldu zituzten bazkarirako txartelak eta 250 lagun inguru espero dituzte mahaiaren bueltan. «Aurtengo gaia erlea eta hortik eratorritako produktuak izanik, barazkiz osatutako hostojalea eztizko allioliarekin dastatzeko aukera izango dugu, eta ondoren burruntzian egindako euskal txerria jango dugu patata purearekin. Aukera begetarianoa ere egongo da, eta amaitzeko, euskal pastela izango da», esan dute antolatzaileek. 

Urtean zehar, Euskal Jaia antolatzeko batzordean 8 lagun inguru biltzen dira, baina asteburuan 70 anoetar inguruk jardungo dute borondatez lanean, besteak beste, bazkaria prestatu eta zerbitzatzen eta baita arratsaldeko ekitaldiak antolatzen. Herri kirol desafioa egingo dute 18:00etatik aurrera plazan eta aizkoran eta harri jasotzen arituko dira kirolariak. Eguna amaitzeko Izer eta Alabier trikitilariekin erromeria egingo dute. Bitarte horretan Anoetako talogileek egindako taloak dastatzeko aukera izango da.

Euskal Jai batzordeak festa antolatzeko lanean arituko direnei eskerrak eman eta inguruko herritarrak animatu ditu asteburuan Anoetara Euskal Jaira gertura daitezen.

 

 XVI. Euskal Jaia

Urriak 7, larunbata

  • 12:30. Sukaldaritza erakustaldia Balerdipeko Erleak proiektuko kideekin.
  • 20:00. Kontzertua La Jodedera taldearekin.

Urriak 8, igandea

  • 10:00. Herriko baserritarren eta artisauen azoka.
  • 11:00. Haurrentzat krep tailerra Irakin eskolako kideekin eta kandela tailerra Balerdipeko Erleak proiektuko kideekin. 
  • 12:00. Ekitaldia eta ardo dastaketa Mendiko upategiko ardo ekologikoarekin.
  • 18:00. Herri kirol desafioa. Aizkoran Julen Gabirondo eta Jokin Urretabizkaia eta harri jasotzen Udane Ostolaza eta Ane Zinkunegi.
  • 20:00. Erromeria Izer eta Alabierrekin. Anoetako talogileak egongo dira  plazan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!