Euskal Herriko Kopa irabazi du Zubillagak

Imanol Garcia Landa 2023ko ira. 28a, 14:00

Oihana Zubillaga, podiumaren erdian.

Oihana Zubillaga mendi lasterkari anoetarrak denboraldirako zuen helburua lortu du eta «ilusio handiz» hartu du saria.

Oihana Zubillagak mendi lasterketen Euskal Herriko Kopa irabazi du eta igandean jaso zuen saria Skyrhune mendi lasterketan. Lineako modalitatean lortu du saria anoetarrak. Guztira zortzi lasterketa izan dira, eta gutxienez bost lasterketetan parte hartu beharra zegoen saria lortzeko.

Ekainerako bost lasterketa burututa zituen Zubillagak, eta horietan lortutako puntuengatik eskuratu du lehen postua. Sailkapenean, Oihane Unzalu bigarren izan zen eta Maud Combarieu hirugarren. Lehen aldia izan da anoetarrak Euskal Herriko Kopa irabazi duela: «Helburu bezala jarri nuen denboraldirako eta pozik nago lortutakoarekin. Ilusio handia egin dit».

MUNDUKO KOPAN

Azkaineko Skyrhune mendi lasterketa zen kopako azkenekoa, baina bertan ez zuen parte hartu Zubillagak. Goizean Gorbeia-Suzien mendi lasterketan parte hartu zuen, Euskal Selekzioarekin, Munduko Kopako lehian egon ahal izateko. Zubillagak azaldu duenez, «Euskal Selekzioak eman zidan aukera eta uztailean Austriara joan nintzen. Bertan hamargarren egin nuen, eta Skyrunning-eko Munduko Koparen finala jokatzeko sailkatu nintzen. Baina baldintza zen beste bi lasterketa egin behar nituela.

Horietako bat Suitzan egindako lasterketa izan zen eta bestea Gorbeia-Suzien. Azken honetan, 32 kilometrokoa eta 2.400 metroko desnibel positiboarekin, hamalaugarren bukatu zuen. Orain finala urriaren 28an jokatuko da, Italian, eta bertan izango da Zubillaga. «Ez nuen espero bertan egotea eta ilusio handia egiten dit», esan du anoetarrak. Azken proba horretan batez ere disfrutatzera joango da: «Geroz eta maila handiagoa dago eta final horretan sekulako maila izango da. Ahal dudan ondoen egitera joango naiz».

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!