Etxegabetzeen inguruko solasaldia, gaur, Anoetan

Tolosaldeko Ataria 2023ko eka. 27a, 07:59

Aurtengo festetan, etxegabetzea geldiarazteko eskatuz, elkartasun argazkia atera dute herritarrek.

Etxegabetzeen aurrean zer egin daitekeen azaltzeko solasaldia antolatu du Anoetako Udalak, Kaleratzeak Stop taldearen laguntzaz; 18:30ean izango da, pleno aretoan.

Anoetan familia bat etxegabetze prozesuan dagoela jakinarazi du Anoetako Udalak. Epaitegitik egin diren akatsen ondorioz, «luzatzen» ari dela diote, baina etxegabetze prozesua «aurrera» doala. Horren harira, solasaldi bat antolatu du Anoetako Udalak, Kaleratzeak Stop taldearen laguntzaz: gaur izango da, 18:30ean, udaletxeko pleno aretoan. Etxegabetzeen gaian sakondu eta ertz ezberdinak aztertuko dituzte. Herriko eragile, talde eta norbanakoei zuzendutako solasaldi irekia izango da.  

Egoitz Luisa Anoetako alkatea arduratuta dago gaiarekin, eta  etxebizitza eskubide izatetik urrun ikusten duela dio: «Jakina da gaur egun politika mailan dugun erronka nagusietako bat herritarrei etxebizitza duin bat eskuratzeko bitartekoak jartzea dela, baina urteetan bultzatu diren politikek etxebizitza eskubide izatetik urrun pribilegio eta kasu askotan negozio izatea ahalbidetu dute». Egoera horrek «injustizia eta sufrimendu asko» sortzen duela dio, «are gehiago egoera zaurgarrienetan aurkitzen diren familietan». 

Egoera horiei irtenbide bat emateko udalek eskumen «oso urriak» dituztela esan du eta herri txiki eta ertainen kasuan, eskumen urriez gain, «baliabide oso mugatuak» dituztela. Gehitu du Anoetako Udala egoera horretan aurkitzen dela eta ezin dietela irtenbide zuzenik eman etxegabetze prozesua pairatu dezaketen familiei. 

Udaleko gizarte zerbitzuen sailaren bitartez, zuzeneko jarraipena egiten diete, horrelako egoerak ematen direnetan. «Hala ari gara egiten etxegabetze egoeran dagoen familia honekin ere eta etorkizunean eman daitezkeen kasuetan ere horrela egingo dugu». Udala baliabidez hornitzeko eta horrelako egoeretan «babes sare handiagoa» eman ahal izateko aukerak aztertu eta bitartekoak jartzeko konpromisoa hartu dutela dio Luisak. 

Zer egin?

Gaurko solasaldian, Kaleratzeak Stop taldekoek beraien ikuspegia azalduko dutela esan du Marcelino Garcia taldeko kideak. «Horrelako egoeren aurrean zer egin daitekeen azalduko dugu, koordinazioa nola egin daitekeen zehaztuz». 

Udalek duten garrantziaz ere arituko dira. «Udalek baliabide mugatuak izan arren, zeregin garrantzitsua dute; etxegabetzeetan, epaileek familia hori zaurgarritasun egoeran dagoen egiaztatu behar dute, eta gizarte zerbitzuek bidali behar izaten dute zaurgarritasun txostena», azaldu du. Epaileak, txosten horien bidez, etxegabetzea aldi batez eten dezakeela dio.   

Gaia, orokorrean, korapilatsua dela dio, beraz, egin daitekeenaz, eman daitezkeen pausoez eta jokabideez hitz egiteko tartea hartuko dute gaur arratsaldeko solasaldian.  

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!