Anoetan alkate berria, Egoitz Luisa

Ataria 2023ko mai. 28a, 22:37

Gaur hamaika zinegotzi aukeratu dituzte Anoetan. Boto guztiak kontatu ondoren, hau izan da emaitza.

 

 

 

 

 

592 boto eskuratuta, EH Bilduko Egoitz Luisa Urkola izango da Anoetako alkate berria. Bigarren, EAJ geratu da, 313 botorekin. Baliogabeak 13 boto izan dira, 35 zuri eta %36,15eko abstentzioa izan da.

Egoitz Luisak azaldu du «oso gustura» daudela beste zinegotzi bat lortu dutelako: «Zazpigarren zinegotzia lortu dugu, hori tarte handiz izan da, eta aurreko legealdian baino bat gehiago dugu». Luisak gaineratu duenez, «ulertzen dugu aurreko urteetan egindako lanarekin gustura daudela herritarrak, eta herriari aurkeztu diogun proiektuarekin bat egiten duela. Orain, bihartik aurrera lan egitea tokatzen da». Bestalde, abstentzioa igo izanak sentsazio «gazi-gozoa» utzi diela esan du. Luisarekin batera, EH Bilduko beste hiru zinegotzi berriak izango dira: Ana Elosegi, Bakarne Garmendia eta Maialen Mujika. Aitzol Esnaola, Mikel Olano eta Amaia Urkolak errepikatu egingo dute karguan. 

Bere aldetik, EAJ alderdiko Nuria Carbonell zerrendaburuak azaldu duenez, «lau zinegotzi lortu ditugu eta herrian presentzia indartsua izaten jarraituko dugu. Eskertu nahi diogu Anoetako herritarrei eman diguten babesa eta konfiantzagatik».  Beste hiru zinegotzi jeltzaleak Agurtzane Nuñez, Aitzol Arozena eta Jaime Peon izango dira.

Hemen gaurko informazio guztia.

Anoetako udalbatza ondorengoek osatuko dute:

  1. Egoitz Luisa Urkola (EH Bildu)
  2. Ana Elosegui Artola (EH Bildu)
  3. Bakarne Garmendia Usabiaga (EH Bildu)
  4. Aitzol Esnaola Zubeldia (EH Bildu)
  5. Maialen Mujika Lizaso (EH Bildu)
  6. Mikel Olano Aburuza (EH Bildu)
  7. Amaia Urkola Arozena (EH Bildu)
  8. Nuria Carbonell Miranda (EAJ)
  9. Agurtzane Nuñez Yarza (EAJ)
  10. Aitzol Arozena Zufiria (EAJ)
  11. Jaime Peon Ormazabal (EAJ)

 

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!