ELKARRIZKETA

«Aldatu eta bultzada berria behar du herriak»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 10a, 18:00
Anoetan EAJk aurkezten duen hautagaitza; erdian Nuria Carbonell alkategaia

Bartzelonakoa jaiotzez, Euskal Herrira etorri eta euskara ikasten hasi zen; 2019an sartu zen Anoetako EAJko udal taldean.

Alderdikideekin egin nahi du bidea Nuria Carbonell Mirandak (Bartzelona, 1972). Anoetarrengana iritsi nahi du «apal eta errespetuz». Idatziz erantzun die galderei. 

Zergatik aurkeztu zara Anoetan alkategai?

Hau ez da nire erabaki bat izan, aukera politiko batez ari gara. Eusko Alderdi Jeltzaleak galdetu zidan zer iruditzen zitzaidan oraingoan Anoetako zerrendaburu izatea. Lau urte egin ditut zinegotzi. Ez naiz bakarrik aritu, eskarmentu handiko alderdikideak izan ditut, adibidez Rafa Uribarren, eta bere itzala laguntza handia izan da. Niretzat garrantzitsua da elkarrekin aritzea eta ez bakarlanean. Hemendik aurrera ere Anoetako alderdikideekin arituko naiz, hori baita bide ziurra eta zuhurra anoetarrengana iristeko, apal eta errespetuz. Begirunea zor diet bertakoei, EAJri botoa ematen diotenei, jende asko baita konfiantza politikoa ematen diguna. Hala eman dut urratsa EAJko hautagai-buru izateko.

Aurkeztu iezaguzu zeure burua.

Abertzalea naiz, lehenik Kataluniako abertzalea, hangoa bainaiz, Bartzelonakoa. Eta hemen, Euskadin ere, abertzalea. Hona iritsi bezain laster, euskara ikasten hasi nintzen. Argi eta garbi neukan herri honetan bizitzeko euskaraz egin behar nuela, etxekoekin eta lagunekin, eta gainerako euskaldunekin. Katalunian katalana bezala, Euskadin euskara. Bestetik, 2011n hasi nintzen politikan, Tolosan, zinegotzia bi legealditan. 2019tik, Anoetako zinegotzia izan naiz.

Azkeneko legealdian zinegotzi izan zara oposizioan. Nola baloratzen duzu Anoetako udal gobernuak egin duen lana?

Egin duten lana, beste legealdietako jarraipena izan da. Nahiz eta EH Bilduk guk baino zinegotzi bat gehiago eta erabateko gehiengoa izan, gure egitekoa gertutik begiratzea izan da, gobernu-taldeak egiten zuena kontrolatzea, bai diruarekin eta baita ere langile eta enpresekin egiten den moduan. Horrez gain, bi proiektu nagusi saiatu gara bultzatzen, EH Bilduren erresistentzia gainditzen ahaleginduz: bata, Modestoenea erostea. Kostata, baina lortu dugu. Bestea, kirol ekipamendua osatzea, eta falta zena futbol zelaia zen, kiroldegiaren atzealdean, udalaren lurretan. Hau ez digute ontzat eman, nahiz eta aurrekontuetan urtero proposamena aurkeztu dugun.

Zaborrak jasotzea kudeatzerakoan, berriro eskatu dugu kuboak eta pertxak erabili beharrean, edukiontziak jartzea, errefusa hondarra jasotzeko, horrela lurrean uzten diren poltsak ekiditeko.Gure jarrera eskuzabala izan da beti, akordioetarako prestasuna izan dugu, baina harremana oso juxtukoa izan da lau urteetan. Bilera informatiboak gero eta eskasagoak izan dira.

Uste duzue saneatuta daudela udal kontuak?

Azken hamarkada honetan etxebizitza ugari egin dira herrian eta honek diru sarrera handiak ekarri ditu. Aldi berean, inbertsio gutxi egin dira. Ondorioz, diru-geldikin onak ditugu beste inbertsio fase batera pasatzeko.

Zer nolako harremana izan duzue bi alderdien artean?

Hasieran harreman handia izan zen, baina hori aldatu egin zen eta geroz eta elkar hartze gutxiago izan dugu. Berez, azken boladan, ia batzorderik ez dugu izan eta oso dei gutxi egin ditu EH Bilduren udal gobernuak. Hala ere ez dugu gogor eta ezkor jokatu. EAJko zinegotzi taldea saiatu gara, liskar biderik eman gabe, istiluak saihesten.

Zuek gobernua eskuratuko bazenukete, zertan aldatuko litzateke gobernatzeko modua?

Besteekin eraikitzailea izatea garrantzizkoa da politikan, eta Anoetak eta gure herriak era horretako politika behar dutela uste dut. Eusko Alderdi Jeltzalean politika egiteko modu horren aldekoak gara bai gobernuan bai oposizioak. Gure nortasun politikoa da elkarlana eta eraikitzaile izatea.

Presazko zein proiektu gauzatu beharko litzatekeela uste duzue?

Klima aldaketari aurre egiteko hainbat ekintza: komunitate energetikoa, bizikletentzako babes leku bat garbiketak eta konponketak egiteko, auto elektrikoentzako karga puntuak... Ongizate aldetik, bakarrik beharrean bizi diren pertsona eta adinekoei laguntza eman beharko litzaiekeela uste dugu. Modestoenea antolatu beharko da, beste udal espazioekin batera. Anoetako sarrerari arreta handiagoa jarri eta trenbideko pasabidea zaindu beharko da. Aparkaleku babestuak ere bultzatu nahi ditugu.

Zer parte hartze eredu bultzatuko duzue?

Ahalik eta zuzenena, eta partaidetza, denon parte hartzearekin.

Zein da zure ustez Anoetan duen indargune nagusia?

Herri euskalduna da Anoeta, eta euskara beti indartu behar da. Euskaldunak gure herrian errotzen gaitu euskarak, herritarrak euskaldun egiten gaitu beste ezerk ez bezala, eta Anoeta euskaldun izaten jarraitu behar dugu Gipuzkoa eta Euskadi euskaldun egiteko.

Zein pronostiko egiten duzu udal hauteskundeetarako?

Ez dut hasi nahi anoetarrek egingo dutenaren kabalak egiten. Errespetua diot erabakitze aldi honi. Zerbait esatekotan, Eusko Alderdi Jeltzaleak, alderdi abertzalea izanik, Gipuzkoan eta Euskadin politika eraikitzailea eskaintzen duela esango nuke, eta Anoetan berdin. Aldatzeko ordua dela esan nahi nuke, Anoetak bultzada berria behar duelako aurrera egiteko.

Gobernuan egotea egokituz gero zein harreman izango duzue oposizioarekin? Eta alderantziz tokatzen bada, zein oposizio mota egingo duzue?

Harreman ahalik eta estuena izatea gustatuko litzaidake, azken finean, gure helburua anoetarrentzako lan egitea da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!