Irtera: musikaz blai dator laukotea

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 10a, 07:59

Donostialdeko jatorria duten hainbat musikari elkartu dira Irtera taldean eta Anoetako Edurka pabiloilan entseatzen dute; bost kantu grabatu dituzte oraingoz eta plataformetan entzungai dira.

Pop-rocka egiten du Irtera taldeak. Abesti indartsuak dituzte eta beste batzuk, berriz, geldoagoak. «Ez gaude estilo batera itxita, gustuko ditugun doinuak entsegu lokalera ekarri eta horrekin egiten dugu lan». Pasaiako Trintxerpe auzoko Iñaki Perezek (baxua) eta Joseba Piñeirok (gitarra) eta Donostiako Gros auzoko Saioa Sesek (ahotsa) eta Alde Zaharreko Gorka Dagerresarrek (bateria) osatzen dute taldea. Irterako bateria jotzailea Anoetan bizi da eta bertako Edurka pabiloilan entseatzen du taldeak, «gutxienez astean behin».

Aurretik Baneki taldea zuten Dagerresar eta Perezek, eta talde hura desegin eta beste musika proiektu berri bat abiatzeko asmotan zeudela, pandemia aurretxoan hots egin zioten txikitako laguna zuten Piñeirori. Horrela abiatu zuten Irtera taldea. «Kimika dago gure artean, begirada bakar batekin elkar ulertzen dugu», esan du Dagerresarrek. Piñeirok uda batean ezagutu zuen Sese eta haren ahotsarekin «liluratuta» geratu zela dio, eta horregatik luzatu ziola taldera batzeko proposamena. 2021eko irailean geratu zen lauko taldea osatuta. Horrela gogoratu du taldeko ahots nagusiak: «Animatu egin nintzen probatzera. Lehen aldia da solista bezala ari naizela. Nire bizitzan musika presente egon da beti, instrumentuak jo izan ditut, baina nire instrumentu nagusia ahotsa dela sentitzen dut».

BOST KANTU GRABATUTA

Emakume ahots indartsua da Irtera taldearen ezaugarri nagusia. «Pauso handia izan da niretzat oholtza gainera igo, espazio hori okupatu eta fokupean egotea. Urduri jartzen naiz, batez ere saioa hasi aurretik, baina abesten hasten naizenean nire buruarekin eta gorputzarekin konektatzen dut, eta pentsatu baino gehiago, sentitu egiten dut», aipatu du Sesek. Perez ere aritzen da koruak egiten: «Ausartzen naiz eta erraztasuna daukat bigarren ahotsetarako, gustatzen zait nola integratzen diren gu bionak».

Sorkuntza kolektiboa da taldean egiten dutena. Modu askotara jarduten dute eta abiapuntua melodia bat, reef bat edo kanturako ideiaren bat izan liteke. «Gaur egungo teknologiari esker etxean grabazioak egiteko aukera izaten dugu eta Iñakiri eta bioi bururatzen zaigun ideia hori grabatuta ekartzen dugu entsegu lokalera. Behin hona ekarrita, eztabaidatu, moldatu eta finkatu egiten dugu kantu bakoitza», esan du Piñeirok. Hitzak Perezek eta Sesek osatzen dituzte nagusiki eta tartean zenbait gairekiko konpromisoa agertzen dute, besteak beste, indarkeria matxistaz, migrazioaz edota ahalduntzeaz jarduten dute. «Uste dut kantuek indarra transmititzen dutela, esperantza, eta batez ere, aurrera egiteko sentsazioa. Bizitzako fase ezberdinetan esperimentatzen ditugun bizipenak eta sentimenduak ekartzen ditut nik hitzetara», dio Sesek.

Oraingoz, hamahiru kantuko errepertorioa du Irtera taldeak eta kantu horietako bost grabatuak dituzte dagoeneko Axular Arizmendiren AME estudioetan. Dagerresarrek aipatu duenez, «eskertzekoa» izan da euren kantuekin egin duen lana: «Ideia batekin joan eta bere ikuspegia ematen digu Axularrek, eta uste dut aberastu egin duela kantua».

Ekoitzitako kantuak gero zuzenekoetan defendatzerakoan ahalik eta modu antzekoenean eman nahi dituztela dio Piñeirok: «Nahi adina konponketa egin diezazkiokegu kantu bakoitzari baina gero zuzenean defendatu behar ditugula ahaztu gabe. Ahalik eta fidelen jardun nahi genuke grabatutakora, ekoizpen handia bai baino gero zuzenekoetan transmititzen ez badugu alferrik da». Zorrotzat du bere burua, baita Perezek ere. «Gustatzen zait baxua eta bateria sinkronizatuta joatea, baina ez niri bakarrik baita Gorkari ere. Gertatzen dena da berari gehiago kostatzen zaiola arrastoan sartzea», dio baxu jotzaileak barrez.

Irtera taldearen asmoa, epe motzera disko bat ateratzea da. «Denoi gustatzen zaigu geure lana formatu fisiko batean bilduta ikustea», esan du Piñeirok. Helburu hori berretsi du Sesek, eta orain arte egindako bideari balioa eman dio: «Urte eta erdian askotxo egin dugula iruditzen zait eta ni oso pozik nago. Talde dinamika batean parte hartzea, musika idaztea, letrak egitea, estudioan grabatzea, kontzertuetara joan eta oholtzara igotzea, niretzat izugarria da. Epe ertain-motzean diskoa ateratzea da gure asmoa, baina hortik harago, bideaz disfrutatu nahi dugu, elkarrekin musikaz gozatu».

ZUZENEKOTARAKO PREST

Dozena bat kontzertu baino gehiago eman ditu Irtera taldeak dagoeneko. Besteak beste Orexan eta Anoetan aritu izan dira. Plaza handietan, areto txikiagoetan, gaztetxeetan... leku guztietan jotzeko prest daude. Publikoari begiratuta, gazte eta helduei bideratutako musika egiten dutela uste dute. «20 eta 50 urte arteko musikazaleak izan daitezke gure entzule gehienak. Rockero zaharrei gustatzen zaie egiten duguna, esan izan digute gurea betiko rock-and-rolla dela, konplikaziorik gabekoa. Baina, zergatik ez, gazteagoei ere gustatu dakieke», esan du Dagerresarrek.

Plataforma ezberdinetan zintzilikatu dituzte orain arte grabatu dituzten kantuak eta sare sozialen bitartez ematen dute euren jardunaren berri. Bide horiek erabilita jarri daiteke jendea haiekin harremanetan. «Gogoz gaude zuzenean jotzeko», esan du Piñeirok. Gustura ariko lirateke Tolosaldeko herrietan ere. Irteera bila ari dira taldekoak.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!