ELKARRIZKETA

«Herri bizigarria izatea nahi dugu, guztiontzat»

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 10a, 17:00

Zerbaitetan hasiz gero, "gogo eta indar biziz" aritzen dela dio Egoitz Luisa Urkolak (Anoeta, 1983). Buru belarri jardun nahi du udalean.

Ezaguna du udalgintza, inguruan ibil izan delako beti ekarpenak egiten, eta orain barrutik ezagutuko du. EH Bilduko alkategai aurkeztea erabaki du.

Zeintzuk dira EH Bilduk aurkezten duen taldearen ezaugarriak?

Jende berri dezente sartu gara. Bizpahiru pertsona dira aurreko urteetan ibilitakoak eta aurreko bidea lantzen segitzeko aukera ematen digu horrek. Herri mugimendu ezberdinetan ibilitako jendea gara, arlo ezberdinetan lanean jardundakoak. Alde horretatik gustura gaude. Eskarmentudun jendea da eta herriarekiko gertutasun handia dugu. Gertutasun hori aprobetxatu nahi genuke, gu jendearengana gerturatzeko eta herritarrek gu gertu sentitzeko. 

Nola osatu duzue herri programa?

2019-2023 legealdiaren balorazio moduko bat egin genuen aurrena, agindutakoetatik zer egin eta zer geratu zaigun bidean aztertzeko. Galdetegi bat ere banatu genuen ondoren, etxe guztietara, herritarrek zer indartu nahi zuten jakiteko. Ekarpen horrekin saiatu gara identifikatzen herritarren beharrak identifikatzen. 

Zergatik eman duzu zuk alkategai izateko pausoa?

Herriko talde eta mugimendu ezberdinetan ibilitako pertsona naiz. Herriaren alde aritzeak mugiarazi izan nau beti. Inguruko jende bat animatzeak ere motibatu nau. Nire esperientzia eta gogoa herriaren zerbitzura jarri nahi nuke, oraingoan, udaletik. 

Legealdiaren zein balorazio egiten duzu?

Ez azkeneko legealdi honetan bakarrik, aurretik ere badator Anoetan herritarrekin lan egiteko gogo bat eta neurri batean erronka horri heltzeak bultzatu nau pausoa ematera. Uste dut udaleko ateak zabalik egon direla eta horretan asmatu dela esango nuke. Gustuko dut lan egiteko modu hori. Herritarren beharrei aurre egiteko gaude eta herritarrengandik gertu egon behar dugu. Uste dut parte hartze prozesuak jarri direla martxan eta herritarrak inplikatu direla auzoetako eraberritze proiektuetan, adibidez. Lan egiteko modu bat da hori eta herritarren eguneroko beharrak identifikatzeko ezinbestekoa. 

Hutsuneren bat sumatu duzu?

Ez nuke esango hutsunea. Baina gaur egungo gizarte indibidualista eta kontsumista honek zaildu egiten du herritarren inplikatzea. Ikusten dut hutsune bat dugula. Jendeak ekarpen asko dauzka eta askotan ez dugu asmatzen horiek bideratzen. Udalera ez dira iristen ekarpen horiek. 

Konponbideren bat jarri nahi diozue egoera horri hurrengo legealdian?

Hasteko behintzat, aplikazio bat egiteko asmoa dugu udal gobernura iritsiz gero. Udaletik bultzatzen diren lanak eta garatzen diren dinamikak eta ekimenak herritarrengana helarazteko modua emango liguke horrek, baina aldi berean, herritarrek, modu argi eta erraz batean, euren kezka eta arazoak bideratzeko aukera izango lukete. Prozesu bat garatu beharko dugu hortik aurrera, baina aurreneko kanal bezala zerbait sinplea eta erraza behar dugula iruditzen zait.

Zein da udalaren egoera ekonomikoa?

Azken urteetan hartu diren neurri ekonomikoek lagundu dute zegoen zorra arintzen. Gerakin bat ere sortu da. Udalaren egoera ekonomikoa ona da. Hurrengo urteetan erronka handiak dauzkagu herrian eta horiei heltzeko badaukagu ahalmen ekonomikoa. 

Erronka horietakoren bat azpimarratu nahi duzu?

Auzoen eraberritzeari garrantzia ematen diogu. Herria hazten ari da, etxebizitza berriak egiten ari dira, baina ez dugu auzo batzuk atzean geratzea nahi. Anoeta herri egoki eta bizigarria izatea nahi dugu, guztientzat. Zaharberritze prozesuak martxan daude, Errotaldea, Isastegi eta Hozpelen. Inbertsio handiak egin beharko dira auzo horiek egokitzeko. Anoetan denentzako bizigarria izan dadin ezin ditugu auzo batzuk atzean utzi. 

Etxebizitza politikan zein proposamen luzatzen duzue EH Bildutik?

Iruditzen zaigu egiten diren etxebizitza proiektuek erantzun behar dietela barne behar bati. Anoetan hazten joan da, babes ofizialeko etxeak egin dira, bestelakoak ere egiten ari dira. Horiek amaitu ondoren aurretik egina dagoen azterketa eguneratu beharko dugu. Anoeta bizi bat nahi dugu eta horretarako herriko gazteak bertan bizitzera animatu behar ditugula iruditzen zaigu. Anoeta bizigarria izan behar du ikuspegi horretatik. Etxebizitza politika egokitu beharko da herrian bertan bizitzen geratu nahi dutenen beharretara. Herriko gazteekin eskuz esku lan egingo dugu horretarako. Badakigu jakin, gazteek prekarietate eta ezegonkortasun handia bizi dutela, eta haiengandik gertu egon behar dugu, modu duin batean bizi ahal izan daitezen Anoetan. 

Hirigintza arloan beste egitasmorik baduzue?

Duela gutxi Elizbarrutiak eta udalak hitzarmen bat eliza inguruan lanak egiteko. Obra horiekin plaza aldea bukatuta geratuko da, dagoeneko jarri den estalpe eta lanak kontuan hartuta. Beste itxura bat izango du erdiguneak. 

Modestoenea etxea erosi du udalak. Zertarako erabili nahi duzue?

Udalak eraikin hori erosi du etxe horrek Anoetako historian jokatu duen paperagatik. Etorkizunean ere paper bat jokatu dezan nahi genuke. Zertarako erabiliko dugun herritarrekin batera erabaki beharko dugu. Irekita gaude. Eraikin handia da eta izan ditzakeen funtzioak asko izan daitezke. 

Kultura arloan zein proposamen egiten duzue?

Kulturaz ari garela, herri biziaz ari garela, nortasuna daukan herri bat nahi dugu, nondik datorren badakiena. Urteetan lan asko egin dira, herriko baserrien, ohitura zaharren eta Basagainen inguruan, besteak beste. Belaunaldiak aurrera doaz eta transmisio hori ongi egin nahi dugu. Kultur ondare aldetik segida bat eman behar zaiola iruditzen zaigu, eta zehazkiago esateko, gerraosteko lehenengo migrazioari begiratu nahi genioke, horri garrantzia eman. Eta hain zuzen, iruditzen zaigu, Modestoenea eraikina garai horiek guztiak inguratzeko balio duela. Gakoa da etxe hori. Anoeta eta inguruko herrientzat babestoki bat izan da Modestoenea, biltoki bat. Ondarea biltzeko garaian, etxe hori erdigunean egongo da. Herri honen nortasunari begira garrantzi handia dauka eta funtzionatu zuen garaian izan zituen balioak gaur egunera ekarri behar direla uste dugu. Erreferentzi bat izatea gustatuko litzaiguke. Gure ustez, proiektu eder bat gauzatu daiteke Modestoenean.

Transmisioa aipatu duzu. Gazteei begira egitasmo berezirik ba al duzue?

Azken urteetan lan dezente egin da hezkuntza arautuan eta ez arautuan. Ikastolarekin harreman zuzena dugu. Ikastolaren beharrak gure beharrak dira. Haiekin batera neurriak hartzen jarraituko dugu. Hala ere hezkuntza ez da ikastolan hasi eta bukatzen, handik ateratzen direnean gaztetxoek gaztelekua dute, kultur mailako ekimenak dituzte. Espazio horietan balio batzuk ematen zaizkie umeei eta balio horien inguruan hausnarketa egiteko herri hezitzailea izeneko lan taldea sortuta dugu Anoetan, Oinherritik-etik bultzatuta. Haiekin kontrastatu nahi ditugu udaletik hartzen diren proposamen guztiak. Guk hartutako erabaki guztiek izan dezatela begirada hori, gaztetxoenen beharrak erdigunean jarri ditzagun. 

Zein pisu du lehen sektoreak Anoetan?

Badu bere garrantzia. Herri programako arloetako bat Bertakoa Bertatik izena du. Aurreko legealditik datorren dinamika da. Gako garrantzitsuenetakoa da guretzat. Jakina da krisi klimatiko larri baten aurrean gaudela eta horrek behar dugun kontsumoaren inguruan hausnartzera garamatzala. 

Energiaren arlotik baduzue egitasmo berezirik?

Guk, adibidez, energiarekin lotuta, udal eraikinaren efizientzia energetikoaren inguruko azterketa egin dugu eta ikusi dugu oso efizientzia eskasa duela. Beraz, hurrengo legealdian neurriak hartuko ditugu hori zuzentzeko. Iruditzen zaigu udalean gaudenok eta herritarren ordezkariok eredu izan behar dugula. Kontsumoa nola egokitu dezakegun aztertu beharra dugu, gero bide hori ere jarraitu dezaten herritarrek. Azken batean gure kontsumoa nola doitu dezakegu aztertzea dagokigu alde batetik, eta ahalik eta gehiena bertan nola ekoitzi dezakegun ikustea. Elikadura burujabetza eta energia aldetik egiten dugun hausnarketa horrek ideia horren bueltan kokatzen gaitu. Herritarrekin hausnartu behar dugu zer behar dugun eta gero nola ekoitzi dezakegun herrian bertan, edota ahalik eta gertuen, behar dugun hori. Gertutasun horrek lagunduko digu aurre egiten krisiari. Beti egin izan dugun lana da lehenengo sektorean begirada jartzea. Heldu behar zaio gai honi. Lehen sektoreko langileez gain, beste aktore guztiak ere hartu behar dira kontuan, herritarrak, saltokiak... Irakin izeneko egitasmoa ere martxan dugu eta horrelako ereduak jarraitu nahi ditugu. 

Pandemiaren ondoren behar berriak sumatu al dituzue Anoetan?

Aurreko legealdian konturatu gara zaintza eskatzen duten eta zaurgarriak diren pertsonak daudela herrian. Adinagatik edo beste arrazoiengatik bazterrean geratzeko arriskuan dauden horiei begira jarri behar garela iruditzen zaigu. Gizarte Zerbitzuetako teknikariaren jarduna egun osora luzatu da. Zaintzak hemendik aurrera garrantzi geroz eta handiagoa hartuko du eta baliabideak jarri nahi ditugu horretarako, bizitza duin bat bermatze aldera. 

Zein indargune ditu Anoetak bultzatu beharrekoak?

Urteetako lan eta dinamiken ondoren lortu dugu belaunaldien arteko harreman sendo bat. Transmisio hori eman da, kulturalki, hizkuntza eta ohitura aldetik. Elkarlanerako eta elkar laguntzeko ohitura bat badago. Hori garrantzitsua izango da aurrera begira ere. Ezinbestekoa da herritarren eta belaunaldien arteko lotura horiek mantentzea. Gertuko harreman horrek, iritziak trukatzea dakar, hitz egitea. Hori oso aberasgarria da. Herri nortasuna badugu eta horri eutsi behar zaiola iruditzen zaigu. 

Zein emaitza espero duzu? 

Iruditzen zait azken urteetan udaletik eraman diren politikek herritarrengan eragina izan dutela. Herritarrek sentitu dute lehen lerroan jarri direla haien beharrak. Herritarren gehiengoak espero dut horrekin bat egitea eta gure alde egitea. 

Oposizioarekin zein harreman nahiko zenuke alkate izango bazina? Eta alderantziz, oposizioan egotea egokituko balitzaizue?

Oposizioarekin diagnosi bat egin behar genuke. Guk oso argi daukagu zein herri daukagun eta zein herri nahi dugun eta hori lortzeko herri programa bat dugu. Hori partekatu beharko genuke eta programa aurrera eramateko elkarlana beharrezkoa da. Zabalik gaude. Eta oposizioan egon beharko bagenuke, berdin jokatuko genuke. Lehen lerroan jarriko ditugu herritarren beharrak. Anoetarekiko dugun ikuspegi horretan sakontzeko neurriak bultzatuko ditugu. Eraikitzaileak izango gara, alde batean edo bestean egon. 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!