Anoetako Udalak eta Donostiako Gotzaindegiak hitzarmena sinatu dute

Ataria 2023ko maiatzaren 3a

San Joan Bataiatzailearen parrokiako portikoa eraberritzeko lanak egingo dituzte; obrak ekainaren erdialdean hasiko dira eta zazpi hilabete inguru iraungo dute.

Anoetako Udalak eta Donostiako Gotzaindegiak hitzarmena sinatu dute San Joan Bataiatzailearen parrokiako lanak diruz laguntzeko. Anoetako Udala herriko plazan egiten ari den lanen jarraipena izango da parrokia berritzearena. Lan horien bidez, parrokia-portikoaren itxura historikoa berreskuratuko da, herritarrentzat aterpea irekiz eta plaza inguruarekin bat eginez.

Donostiako Gotzaindegiak egingo ditu obrak eta Anoetako Udalak 50.000 eurorekin sustatuko ditu. Lanak ekainaren erdialdean hastea aurreikusten da, herriko festak pasa ondoren, eta zazpi hilabete inguru iraungo dute.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!