ELKARRIZKETA

«Orain askoz ere gutxiago jokatzen da pilotan»

Imanol Garcia Landa 2023ko mai. 8a, 07:59
Juan Karlos Otero pilotagilea. I. GARCIA LANDA

Otero Pilotagilea kooperatiba elkarteak bere egoitza Anoetan du. Bertako sortzailea eta kidea da Juan Karlos Otero (Anoeta, 1966). Berarekin batera Mikel Larrion, Jose Antonio Barkero eta Oskar Collazo daude kooperatiba elkartean. Beraiek egindako pilotekin, adibidez, ari dira jokatzen Ataria Pilota Topaketako partidak.

Lantokian makinaren bat sartu bada ere, lanaren parte gehiena eskuz egiten dute Otero Pilotagilea kooperatiba elkartean. Artisau lan horrek jarraituko du pilotak irauten duen bitartean, baina gaur egun pilotagile gutxiago daude.

Noiz hasi zinen pilotak egitearen ofizioan?

17 urte nituela ikasi nuen pilotak egiten. Herrian bazegoen pilota delegatu bat, eta pilotak egiten aritzen zen; ni berarekin hasi nintzen, beste lagun batekin batera. Urte batzuk egin nituen bakarrik, eta pilota kopuruaren arabera, anaia hasi zitzaidan laguntzen, eta gero anaiaren lagunak. Urte batzuk pasa nituen pilotak egiten, baina laguntzarekin. Gero kooperatiba sortu genuen, eta azken hamabost bat urte horrela gabiltza.

Zure kasuan, nola erabaki zenuen hau izango zela zure ogibidea?

Nire kasuan ez nuen planifikatu. Pilotan aritzen nintzen jokatzen, eta dinamika horretan sartuta, aukera izan nuen pilotak egiten hasteko; bata bestearekin joan zen uztartzen. Ofizioa ikasten hasi nintzela, beste lanbide batzuk izan nituen, eta gero 20 urterekin palan debuta egin nuen profesionaletan, eta palan jokatzea eta pilotak egitea uztartu nituen.

Pilotei dagokionez, eskuzkoak eta erremintazkoak egiten dituzue. Eskuzkoetan ere hainbat modalitate daude.

Euskal pilota ezagutzen ez duenarentzat, ematen du pilota bakarra dagoela. Eta bai eskuzko pilotetan zein erremintazko pilotetan sekulako aukera dago. Neurri, pisu eta soinu ezberdinekoak daude.



Denera zenbat pilota mota egiten dituzue?

Ba, pentsa: eskuzko pilotak ofizialki sei kategorietan sailkatuta daude, eta kategoria bakoitzean lau pilota mota ditugu. Beraz, eskuzkoan 24 mota egiten ditugu. Horrez gain, azken urteotan oihartzun nahikoa izaten ari den Emakume Master Cup txapelketarako, bereziki bi pilota mota egiten ditugu. Bestalde, bolumen handiko pilotak egiten ditugu, eskuak berotzeko erabiltzen direnak. Gero, erremintan denetatik ukitzen dugu, baina batez ere xareko pilotak egiten ditugu, zesta puntan ere ari gara pixkana sartzen, eta errebotekoak eta erremontekoak egiten ditugu, eta baita palako batzuk ere.

Lana, batez ere, eskuz egiten duzue?

Urte pila bat eman dut pilota guztiak erabat eskuz eginez. Oraingo fase honetan, pilotaren zati bat behintzat, artilea jartzearena, makinaz egiten dugu eta lana arintzen digu. Gainontzekoa eskuz egiten dugu. Hiru fase ditu pilotak: lehenengoa, barruko kiskia da, pilotari bizitasuna eta bere soinua ematen diona; bigarrena, artilea jartzearena da, eta horrek bolumena ematen dio, eta soinu bereziak ere gehitzen dizkio; hirugarrena, ikusten dena da, larruarena, eta hori prestatu eta gero josi egiten da. Kontuan izan behar da erremintazko pilota baten eta eskuzko pilota goxo baten artean kalitate eta neurrietan sekulako aldea dagoela. Horregatik daude horrelako ezberdintasunak batetik bestera.



Elkarrizketa hasi aurretik, pilota bat probatzen egon zara, besteak beste, botea nola egiten duen ikusteko.

Harri bat daukagu lantegian, frontoi baten zorua simulatzen duena, eta bertan antzematen da botea eginez pilotak zer joera duen. Soinuak eta eskuetan ibiltzeak adierazten digu pilota nolakoa den. Urte batzuk daramatzagu ofizio honetan, eta konturatzen gara zeinek duen karga gehiago, zeinek duen irteera gehiago edo gutxiago, soinua ere batek edo besteak gehiago izaten du... Bezeroen eskaria batzuetan nahiko pertsonalizatua izaten da.

Zein dira zuen bezeroak?

Nagusienak pilota elkarteak dira, baita federazioak eta dendak ere, eta gero gure tailerrera etorri edo telefonoz eskatzen dizkiguten hainbat norbanako. Horrez gain, azoka dezentetara joaten gara, eta bertan ere pilotak saltzen ditugu. Bezeroen aldetik aukera handia dugu. Gaur egun eskuzko profesionaletako bi enpresentzat ez ditugu egiten; beste egile bat dago, Punpa tailerrekoa; akordio bat dute eta bera da egile esklusiboa.



Pilotak egiten dituzten zenbat lantegi daude?

Ogibidez egiten dutenak eta kopuru handi samarrean aritzen direnak, Iparraldean, aipatutako Punpa dago, eta gero Nafarroan, Errioxan eta Bizkaian beste bana izango dira. Gipuzkoan gu aritzen gara profesionalki, kopuru jakin bat eginez.

Zenbat aldatu da ofizioa?

Artisautza hitzak berak adierazten du... Normalean ez da aldaketa handirik izan. Pilotaren kasuan makineria pixka bat sartu denean; beste pilotagile batzuk ere badaude horretan. Merkatuan ez dago horrelako makinarik, beraz norberak edo baten bati eskatuta, asmatutakoa da. Aldaketa hor izan da, baina gainontzean aldaketa handirik ez da izan. Materialetan bai izan dela, garai batean kiskia egiteko egurra erabiltzen zelako, eta gaur egun plastikoa erabiltzen da. Artiletan gero eta gehiago erabiltzen dira akrilikoagoak, ez hain garbiak. Larruari dagokionez, adibidez, ni lanean ari naizen urte hauetan guztietan, eta aurretik ere, ez da aldaketa handirik izan.



Eta zer etorkizun ikusten diozu pilotak egitearen ofizioari?

Orain dela 30 edo 40 urte pilotagile gehiago zeuden. Orain dozena erdi bat lantegi gaude, eta lardaskatzen gehiago izango dira, erdi jubilatuta eta denbora pasan pilotak eginez dabiltzanak. Pilotagileok iraungo dugu pilotan jokatzen bada. Gaur egungo egoera ez da txarra, baina atzera begiratzen hasten bagara, orain askoz ere gutxiago jokatzen da pilotan. Telebistan presentzia badu pilotak, eskuzkoak batez ere, eta hortik aurrera tarteka ari dira promozionatzen telebista bitartez zesta punta eta erremontea, eta emakumezkoen partidak ere botatzen dituzte. Berez, ematen du pil-pilean badagoela, baina askotan larruak-eta prestatzen digutenekin hitz egiten dudanean, esaten dute ez dutela saltzen orain 40 urte saltzen zutenaren erdia ere. Garai batean eskuz hiru edo lau enpresa zeuden, eta bakoitzak 30 edo 40 pilotari zituen. Horri gehitzen badizkiogu palako profesionalak, erremontekoak, zesta puntakoak... askoz partida gehiago jokatzen ziren. Eskuz pilota eskola indartsu batzuk badaude, Gipuzkoan batez ere, baina gainontzean gainbeheran doa pilota.

 

«Eskuz pilota eskola indartsuak badaude, Gipuzkoan batez ere, baina gainontzean gainbeheran doa»



Izan da saiakerarik pilotak modu industrialean egiteko?

Zenbait esperimentu egin dira Euskal Herrian edo inguruan, pilota erabat industriala eta sintetikoa ateratzeko, baina ez dira balekoak izan. Materiala golf piloten estilokoa izan zen, baina ez da berdina. Pilotaren izaera guk erabiltzen ditugun materialen eta sintetiko horien artean erabat ezberdina da: bai efektuak egiterakoan, bai botean... Pilota alde horretatik oso berezia da, eta iruditzen zait pilotak gehienbat eskuz egiten jarraituko direla urte dezentetan. Materialak, behintzat, antzekoak izango dira.

 

«Pilota oso berezia da; pilotak gehienbat eskuz egiten jarraituko dira, urte dezentetan»



Pilotak egiteaz gain, beste zerbitzu batzuk ere eskaintzen dituzue: azokak, tailerrak, lanbidearen erakustaldiak...

Hainbeste urtetan arituta, beti sortzen dira horrelako kontuak. Jendeak gauza ezberdinak egin nahi ditu, eta bilatu dugu modu bat pilota nola egin erakusteko ikastetxeetan. Beraz, tarteka izan gara ikastetxeetan, eta ikasleekin pilotak egiten aritu gara. Azoketan, batzuetan, saldu bakarrik egiten dugu; eta beste batzuetan, gure ofizioa ere erakutsi izan dugu.



Artisautzak horrelako tailerrak eta erakustaldiak egiteko bidea ematen du.

Nik uste dut horrelako ofizioek badutela grazia hori. Eskuz lan egiten den lanetan, teknika horiek nola egiten diren erakustea eta probatzea polita da. Gure lantegira ere tarteka etortzen da jendea ikustera nola egiten dugun lan.

Eta orokorrean nola ikusten duzu artisautzaren egoera?

Azokak ondo daude, erakusleiho moduko bat dira, jendearen aurrean lanean aritzeko eta saltzeko. Baina, bestalde, garai bateko ofizio asko galtzen ari dira. Mundua ez da puntu batean geratzen, eta gertatzen diren aldaketa guztiek artisauei ere eragiten diete. Harria lantzen edo kutxak egiten duen artisau bati garai batean bere ofizioak balio zion, baina gaur egun ez. Pena ematen dit ikusteak ofizio gehienak birziklatu egin direla, eta euren lana bihurtu dela gauza txikiak, jostailu edo oroigarri modukoak egitea, prezio baxu antzeko batean, gutxienez irteera bat izateko, azoka batean parte hartzen dutenean. Alde horretatik, kontraesan bat da, zenbait ofiziok beste dimentsio bat dutelako. Baina zeinek jartzen du gaur egun bere etxean armarri erraldoi bat, artisau bati egoki ordainduz gero, milaka euro balio duena? Ofizio pila bat daude egoera horretan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!