ERREPORTAJEA

Eromenaren muga lausoak dantzatuz

Jon Miranda Labaien 2023ko mai. 5a, 07:59
Amaiur Luluaga 'Bailar la locura'-n. ATARIA

Anoetako Mikelasagasti auditorioan, igandean, Bailar la locura, filma eskainiko dute, J AhO! II dantza ikuskizuna sortzeko prozesua dokumental batean jasotzen duen lana; dantza pieza sortzen parte hartu du Amaiur Luluaga anoetarrak eta bere herrian ariko da etzi.

Zentzuaren eta eromenaren arteko mugaz gogoeta egiten dute J AhO! II dantza ikuskizunean. Gizartean, maiz, bizkarra ematen zaie buruko gaixotasuna dutenei eta horren inguruko gogoeta luzatu nahi diete dantza ikusten dutenei. «Zer eragiten digu horrelako pertsona batek? Beldurra? Ezinegona? Mesfidantza? Errefusa?». Bilbon 2020ko udan estreinatu ondoren, eta Katalunian hainbat emanaldi eskaini eta gero, igandean eskainiko dute Anoetako Mikelasagasti auditorioaren aldameneko plazan, pieza honen sormen prozesua jaso duen Bailar la locura dokumentala ikusi eta gero. Hitzordua 18:00etan izango da.

Amaiur Luluaga Redondo (Anoeta, 1992) dantzariak Claudia Gomezekin eta Montse Alvarez ikaskideekin batera sortu du koreografia. «2018an etorri zitzaidan ideia. Garaitsu horretan sozialki arrakastatsuak eta ondo baloratuak dauden pertsona batzuekin harreman estua izatea tokatu zitzaidan eta ikusi nuen haien buruko funtzionamendua ez zela ohikoa. Aldi berean aspalditik ezagutzen nuen pertsona bati gaixotasun mental bat diagnostikatu zioten eta ikusi nuen nola geroztik lagunik gabe geratu zela, erabat isolatuta. Orduan galdetu nion neure buruari: «Eta diagnostikoak berak eragiten badu bazterketa soziala?». Claudia eta Montserekin gogoeta hauek partekatu eta berehala hasi ginen dantza pieza itxuratzen», esan du Luluagak.



Bidean sortu zitzaien aukera prozesu hori ikus-entzunezko dokumental batean biltzeko, dantzarietako baten gertukoa den Marta Espar kazetari eta zinemagileak proposatuta. Are gehiago, dantza pieza sortzeko prozesua buruko gaixotasuna duten hiru lagunekin elkarbanatzeko proposamena egin zien Esparrek eta horrela ezagutu zituzten Maria Manonelles, Itziar Vaquero eta Alba Coll. Aurretik dantzariek osatu zuten koreografiaren hezurdura moduko bat, eta gero, buruko gaixotasuna zuten hiru lagunekin hitz eginda aberastu zuten lana. Besteak beste, Errenterian eta Bilbon egin zituzten egonaldiak dantzariek eta gaitzarekin diagnostikatutako pertsonek. «Egunak eman genituen elkarrekin, otorduak eta lo lekuak, guztia konpartituz, eta oso trinkoak izan ziren lan jardunak. Erabat aritu ginen gaiaz hizketan, esperientzia gogorrak entzun behar izan genituen haien ahotik, eta nekatuta bukatu bagenuen ere, emaitzak merezi izan zuen».

 

Amaiur Luluaga: «Oso trinkoak izan ziren lan jardunak eta nekatuta bukatu bagenuen ere, emaitzak merezi izan zuen»



Manonellesen, Vaqueroren eta Collen bizipenak eta emozioak ez dira koreografian agertzen bere horretan, «inplizituki», baina dantzarientzat inspirazio iturri izan da haien ahotik entzundakoa. Piezaren lehen partean lurrean magnesioz marraztutako bide zurrun bati jarraitzen diote dantzariek, eta handik ateratzeko indarren aurka nola borrokatzen diren ikusten du publikoak. Luluagaren esanetan, gizarteak markatzen duen bidea adierazi nahi dute horrekin, «segi eta segi, inora ez iristeko». Robotak balira bezala jarraitzen diote beltzez jantzitako dantzariek lurrean marraztutako bideari, Pascal Gaigneren musikaren erritmora. «Amaieran, desegin egiten da lurrean dagoen marra, eromenaren eta zentzumenaren arteko muga zeinen lausoa den adieraziz».

Bailar la locura dokumentalaren pasarte batean Collek bere antsietate krisi bat nolakoa den azaltzen du eta kontakizun hori J AhO! II dantza emanaldira eraman dute artistek. «Ahotsez esplikatzen duen hori guk mugimenduetara eramaten dugu. Oso esplizitua da zati hori», azaldu du Luluagak. Hirugarren zatian emozio asko gurutzatzen direla aipatu du: «Bakardadetik, elkarren laguntzara, euforia neurri gabeko batetik hasierarako ibilbidera itzultzen dira pertsonaiak». 20 minutuko dantza pieza da prestatu dutena, eta antzokietan eman izan badute ere, kalean eskaintzeko pentsatuta dago. Horrela egingo dute Anoetan datorren igandean, Mikelasagasti auditorioaren ondoko plazatxoan eskainiko dute.



Dokumentala eta dantza

Sentsibilizatuta dago Luluaga gaiarekin eta dantza piezarekin jendartean gogoeta bultzatu nahi dutela dio. «Emanaldia ikusi eta geratu dadila jendea buruari eragiten. Pentsa dezala, 'benetan egiten ditudan ekintza guztiak normalak dira?'». Anoetako dantzariaren ustetan normaltasunaren eta eromenaren arteko muga oso lausoa da. «Susmo hori bageneukan dantza pieza ondu aurretik, baina behin bukatuta, eta Maria, Itziar eta Albarekin hartu-emana edukita, ausartuko nintzateke esatera ez dela muga hori existitzen. Hariaren alde batetik bestera istant batean pasa gaitezke; oso erabaki txikiek ezarri gaitzakete kategoriaren alde batean edo bestean».

Sortze prozesu guztia jasoz egin duten dokumentalaren egileek nabarmendu dutenez, munduko populazioaren %15ari eragiten diote buruko gaixotasunek. «Prozesu honetan parte hartzeak niri ere eman dit zer pentsa. Iruditzen zait, zorionez, nik nire sufrimendua kudeatzeko erremintak eduki ditudala, baina jende askori ez zaiola berdina gertatzen. Momentu zehatz batean egoerak ihes egin eta buruko gaitz batekin bukatu dezakezu, bizi guztirako seinalatuta». Bailar la locura dokumentalean, psikoterapia bezalako tratamenduetan jartzen dute arreta eta baita prebentzioan ere. «Psikiatrikoen existentzia ez dugu zalantzan jartzen eta tratamendu farmakologikoen beharra ere ez. Baina tratamendu horiek ekartzen duten ondorena aipatzen du, esate baterako, Itziarrek dokumentalean. Uste dut gaitz hauekin, beste askorekin bezala, berehalako konponbidea bilatzen dela, eta kasu hauetan bide motzena ez da beti eraginkorrena izaten», aipatu du Anoetako dantzariak.

Gaixotasun fisikoekin ez bezala, buruko gaixotasunekin gizartean estigma sortzen da eta Luluagak esan du egoera ez dela «batere justua». Bere iritzian askotan gaixo mentalei bizkarra ematen zaie: «Nik lanketa honen ondoren ikasi dut jendartean dagoen eta askotan ezkutuan geratzen den errealitatea dela. Enpatia eta tolerantzia ariketa bat egin behar dugu guztiok, eta batez ere, pertsona hauek entzun egin behar ditugu. Jende zoragarria da, balio handia dutenak eta ekarpen izugarria egin dezaketenak. Gehienetan, gizarteak baloratzen ez dituen gaitasunak izaten dituzte».

 

Amaiur Luluaga: «Enpatia eta tolerantzia ariketa bat egin behar dugu eta pertsona hauek entzun egin behar ditugu»



J AhO! II izena jarri diote dantza ikuskizunari, psikiatrian oso ezaguna den liburu bateko kaligrafiari jarraituz eta euskarazko «Hi jota hago» esamoldea iradokiz. «'Aho' hitz horrek ere egiten dio erreferentzia esamesei. Askotan buruko gaixotasuna duten pertsonak jendearen ahotan egoten dira», esan du Luluagak.

Dokumentala Marta Esparrek eta Maiol Virgilik zuzendu eta ekoitzi dute. Kosta egin zaie finantziazioa lortzea, eta nahiz eta lehenengo irudiak pandemia aurretik grabatu, aurtengo udaberrian estreinatu dute azkenean. «Katalunian bakarrik ikusi ahal izan da eta orain arte eskaini den tokitan areto guztiak bete dira. Oso harrera ona egin diote. Orain Euskal Herrian mugitu nahiko genuke dokumentala eta horren ondotik eskaini J AhO! II dantza emanaldia. Uste dut modu horretara osatua geratzen dela. Katalunian eskaini ditugun zenbait saiotan, ikuskizunaren ondoren tertulia bat egin izan dugu publikoarekin eta horretarako prest gaude hemen ere».

Igandean, 18:00etatik aurrera, Mikelasagasti auditorioan eskainiko dute Bailar la locura dokumentala eta ondoren eskainiko dute dantza pieza. Bere jaioterrian bertan ariko da Luluaga eta inguruko herritar guztiak gonbidatu ditu bertara. Dokumentala ikustera joateko sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira Anoetako liburutegian eta dantza emanaldia, berriz, irekia izango da publiko guztiarentzat.

 

J AHO! II

 

MAIATZAK 7, IGANDEA

18:00. Anoetako Mikelasgasti auditorioan: Bailar la locura dokumentalaren emanaldia.

Ondoren. Mikelasagasti auditorio ondoko plazatxoan: J AhO! II dantza ikuskizuna.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!