Anoetako Mendi Lasterketa, Tolosaldeko GKSren eskutik

Ataria 2023ko api. 27a, 19:58

Tolosaldeko GKSk Anoetako Mendi Lasterketa antolatu du lehendabiziko aldiz. Larunbatean izango da, 09:30ean hasiko da, eta Anoetako plazan izango du irteera zein helmuga.

Ibilbideak 12 kilometro ditu eta Lizarbakarreraino igo eta jaitsiko dira lasterkariak, 758 metroko desnibel positiboa eginez. Ibilbidea hasiera partean zein bukaeran bera izango da, eta igotzerakoan Urkizuko antena paretik joango dira, eta jaisteko pistatik joango dira, Fraileburutik igarota.

Ane Aranburu antolakuntzako kideak azaldu duenez, Gazte Koordinadora Sozialistan (GKS) aisialdiri buruz egindako hausnarketatik sortu da mendi lasterketa antolatzearena: «Ikusten genuen aisialdia orokorrean lan indarraren erreprodukziora bideratuta. Hau da, orokorrean, aisialdian behar sozial batzuk betetzera bideratuta geundela, gero berriz lanera atseden hartuta bueltatu eta indarrarekin itzultzeko. Gizarteak bultzatzen duena aisialdi eredu kapitalista dela ikusten dugu, eta hortik aterako litzatekeen zerbait antolatu nahi genuen». Eredu kapitalista esaterakoan, «orokorrean kalera atera eta sozializatzeko tabernan kontsumitu egiten dugula, edo kirola egiteko kiroldegian izena ematen dela. Hau da, dena orokorrean diruaren menpe dagoela», zehaztu du Aranburuk. Beraz, mendi lasterketa hori antolatzearekin gazteei ikusarazi nahi die aisialdiaren inguruan egiten duten irakurketa, eta, bestetik, kirola egiteko zein sozializatzeko beste modu batzuk eskaintzea.

Mendi lasterketaren ondoren, bazkaria egingo dute Anoetan bertan, baina horretarako izena emateko epea bukatu da. Mendi lasterketan parte hartzeko izena emateko galdetegi bat prestatu dute eta beraien sare sozialetan aurkitu daiteke lotura. Bestalde, egunean bertan ere izena emateko aukera izango da.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!