Martxan da Anoetako plazako obraren azken fasea

Ataria 2023ko martxoaren 31

Maiatzaren erdialderako aterpea bukatuta egotea aurreikusten dute, eta lanek iraun bitartean itxita egongo da bi plazen arteko pasabidea.

Anoetako herriko plaza berritzeko obra azken fasean sartu da, joan den astean hasi baitzituzten estalki berdea jartzeko lanak. Maiatzaren erdialderako aterpea bukatuta egotea aurreikusten dute, eta lanek iraun bitartean itxita egongo da bi plazen arteko pasabidea. Momentuz, estalpearen zutabeak jarri dituzte, eta jarraian, teilatua osatzeari ekingo diote.

Herriko plaza berritzeko egitasmoa herritarrekin eginiko parte-hartzean oinarrituta erabaki zen, helburu izanik herriko plazan estalpe berri bat egitea eta irisgarritasuna hobetzea. Genero eta ingurumen begiradak zeharkakotasunez landu dira. Hala, komun publikoen diseinuan eta puntu beltzak ekiditean genero begirada presente izan da. Bestalde, plaza inguruan berdeguneak eta estalki berdea diseinatu dira, ingurumen aldetik erresilienteagoa den espazioa sortuz.

 

Berrikuntza gehiago

Plazaren alboko jolaslekuko aterpea ere berritu dute, aurretik zegoena baino sendoago bat jarrita. IAR enpresak egin ditu berritze-lanak eta elkarlanean aritu da udaleko obra lan-taldearekin. Aterpe berria aurrekoa baino iraunkorragoa izateko helburuarekin, egurrezko sabaia eta sandwich motako panel batekin osatu dute.​

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!