Elkarrizketa

«Oso garbi geratu zen pilotak oso balore onak dituela»

Imanol Garcia Landa 2023ko mar. 29a, 11:59
Xabier Tolosa, abenduan Beotibar pilotalekuan jokatutako binakako txapelketaren partidan.

Fisikoki mina du oraindik Xabier Tolosa pilotari anoetarrak, eta animoz ondo dagoela dio. Ez du presarik kantxetara itzultzeko, eta ondo osatu nahi du berriro ere pilotaz gozatu ahal izateko.

Xabier Tolosak (Anoeta, 1995) bere kirol ibilbideko egunik okerrena bizitu zuen igandean, Binakako Pilota Txapelketaren finalerdi erabakigarrian. Jokin Altuna amezketarrarekin batera 19-15 irabazten ari zen Elordi eta Zabaletaren aurkako partida. Irabazleek finala jokatuko zuten, baina markagailua ez zen 22ra iritsi. Tolosak zuntz haustura izan zuen eskuineko bikian, eta partida bertan behera geratu zen. Finalik gabe geratu zen eskualdeko pilotariek osatutako bikotea.

Zer moduz zaude?

Beno, pixkana hobetzen. Eskuineko hankako bikian dudan mina gutxitzen doa, baina oraindik hanka lurrean ondo jarri ezinik nabil, eta makuluak behar ditut oinez ibiltzeko. Ohikoa omen da hori horrelako lesioetan; pazientziarekin hartu beharko dut eta ea pixkana osatzen joaten garen.

Erresonantzia egin dizute zenbaterainoko lesioa duzun zehazteko.

Bai, astelehenean egin zidaten Donostian, eta emaitzak azalduko du nolako zuntz haustura dudan. Printzipioz, garbi dago zuntz haustura dudala, baina jakin behar da zenbat zentimetrokoa den, eta horren arabera errehabilitazio plana eta epeak zehaztuko ditugu.

Arlo fisikoari buruz hitz egin dugu, baina animoz zer moduz zaude?

Ondo. Lesioa izan nuen une horretan berehala konturatu nintzen ezingo nuela partidan jarraitu, eta sekulako pena eta disgustuarekin nengoen. Gero, jende guztiaren animoekin pixkana egoerari buelta ematen ari naiz. Gaur [atzo] dagoeneko ondo nago, osatzeko gogoz eta ea ondo osatzen garen eta kantxetara ondo itzultzeko moduan gauden.

Horrelako lesio bat izatea zerbait latza da, baina binakako finalera iristetik hain gertu zeundetela gertatzea...

Niretzako final bat jokatzeko aukera izatea izugarria da, eta 19-15 irabazten zoazenean markagailuan, geroz eta gertuago ikusten duzu aukera hori. Hiru tantoren faltan ginen partida irabazi eta finalera sartzeko, eta horrelako lesio batek bat batean finala jokatzeko zure aukera hori zapuztea oso gogorra da. Pena handia sentitzen da. Sekula ez zait horrelako lesiorik gertatu, eta unerik desegokienean gertatu da. Ez dago besterik, aurrera jarraitu eta ea etorkizunean mota honetako aukera gehiago ditudan.

Berezia izan zen partida horren bukaeran, aurkariak nola zeuden ikustea. Hunkituta hitz egin zuten Zabaletak eta Elordik. Eta, noski, Jokin Altunak ere bai.

Egia esan une hori oso hunkigarria izan zen, bai pilotariontzako, bertan frontoian zeuden ikusleentzako, pilota zaleentzako eta orokorrean pilota munduarentzako. Elordik, Zabaletak eta Altunak egindako adierazpenetan ikusten da giro ona dugula pilotarion artean, elkartasuna dugula, eta kirola eta lehiaz aparte, oso garbi geratu zen pilotak balore oso onak dituela, eta balore horiek bete-betean islatu eta transmititu ziren beraien adierazpenetan. Horrek ere asko balio du, eta pilotak hartu zuen irudia oso polita izan zen.

Herritarrek harrera egin zizuten herrian, gau horretan.

Bai, horrela izan zen. Ez nuen inondik inora espero. Berandu zen, 22:30ak pasa izango ziren herrira iritsi nintzenean, eta pentsatzen nuen denak beraien etxeetara joanak izango zirela. Eta herrira sartu nintzenean, hor zeuden denak, sekulako harrera eginez. Izugarri eskertzen diet emandako babes eta indar guztiagatik. Ni finalerdietara iritsi naiz binakakoan, baina argi dut lagun guztiek, anoetar guztiek eta Anoetako herriak eman didaten indarrak eta babesak lagundu didatela horraino iristen, eta esker oneko hitzak besterik ez ditut beraientzako eta Anoeta guztiarentzako.

Igandean finala ikusteko asmoa duzu, edo gogorregia egingo zaizu?

Bai, noski finala ikusiko dudala. Ni ez naiz finalean egongo, baina Aitor Elordi bezalako pilotari bat egoteak ilusio berezia egiten dit. Jokin eta Zabaleta izar handiak dira eta egoera horiek bizitakoak dira. Elordirentzako egoera berri bat izango da, pilotari guztien ametsa dena. Berarengatik izugarri pozten naiz; espero dut egunaz gozatzea eta txapela irabazten baldin badute, asko poztuko nintzateke.

Beraz, lehen esan duzun moduan, orain erresonantziaren emaitzaren zain geratzea tokatzen zaizu.

Uste dut zuntz haustura txikienetarikoa ez dela izango. Mikrohaustura izaten denean, min pixka batekin baina pilotan edo kirolean jarraitzeko aukera izaten da normalean. Nik nabaritu nuen zartakoarengatik iruditzen zait zuntz haustura koskorra izango dela. Fisioarekin eta Aspe enpresako medikuarekin hitz egin, ea zer epe eta osatze metodologia proposatzen dituzten, eta horren arabera kantxara lehenago edo beranduago itzuliko gara. Nik presa handirik ez dut, egia esan, eta ea buruz burukoa eta gero modu onean itzultzen naizen kantxetara, eta berriz ere pilotaz gozatzeko aukera dudan.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!